Arrizabalaga: “Indarkeria matxistarekin amaitzeko gure gizarte-balioen aldaketa sakona behar dugu”

Legebiltzarkide jeltzaleak adierazi du genero indarkeriaren kontrako borroka lehentasuna dela EAJ-PNVrentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat, eta inplikatutako eragile guztien erantzun koordinatu eta adostuak artikulatzea exijitu du
Arrizabalaga: “Indarkeria matxistarekin amaitzeko gure gizarte-balioen aldaketa sakona behar dugu” IKUSI BIDEOA
23 Otsaila | Eusko Legebiltzarra

Arrizabalagak deitoratu du zoritxarrez emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzea ez dela erronka erraza, ezta egun batetik bestera lortu daitekena. Gaineratu duenez, emakumeek pairatzen duten diskriminazio-egoerak bizitza sozialeko eremu asko inbaditzen ditu, belaunaldiz belaunaldi estereotipo matxistak errepikatuz. “Eraso sexistak ez dira jarrera isolatuak. Alderantziz: emakumeen kontrako indarkeria sistema baten parte da, haurtzarotik eta bizitza osoan zehar desberdintasun patroiak errepikatzea ahalbidetzen duen sistema baten parte. Zoritxarrez, gure artean indarkeria hori baimendu eta onartzen duten jarrerak daude”.

Gaitz horren kontrako borroka agenda publikoaren parte da. Lehentasuna da Jaurlaritzarentzat, Urkullu Lehendakariarentzat eta EAJ-PNVrentzat. “Guztiok gaude deituak. Batasunez lan egin beharra daukagu, Legebiltzarrean akordio sendoak lortuz, gobernuak garatu ditzan eta gizartearengana iritsi daitezen”. Ildo horretan, parlamentari jeltzaleak funtsezkotzat jo du inplikatutako eragile eta erakundeen arteko koordinazioa, politika publikoak modu eraginkor eta egokian gauzatu ahal izateko. “Koordinatuta, emakumeei sentsibilizazio-, babes- eta prebentzio-erantzun integrala eman ahal izango zaie.

Arrizabalagak gogoratu du Lehendakariak Legebiltzarrean Lege bat aurkezteko konpromisoa hartua duela, emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzeko. Lege hori emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko tresna izango da. “Legearen oinarri nagusia Emakundek koordinatutako aurretiazko gogoeta-lana izango da. Horrekin, partehartze prozesu bat abiatuko du, ez bakarrik inplikatutako erakundeekin, baita gai horretako adituekin eta mugimendu asoziatiboarekin ere”. 

PARTEKATU