Andoni Ortuzarrek Sabin Etxean hartu du Fuad Chahín, Txileko Alderdi Demokrata Kristauko presidentea

Agintari biek gaur goizean izenpetu duten adierazpenaren bidez adostu dute alderdi bien arteko harremanak indartzea, eta berretsi dute humanismoaren, gizakiaren duintasunaren, justizia sozialaren, berdintasunaren eta askatasunaren baloreekin betidanik izan duten konpromisoa
Andoni Ortuzarrek Sabin Etxean hartu du  Fuad Chahín, Txileko Alderdi Demokrata Kristauko presidentea
28 Iraila | EBB

Andoni Ortuzarrek, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, eta Fuad Chahínek, Txileko Alderdi Demokrata Kristauko buruak (PDC), Bilbon izenpetu dute alderdi bien artean onetsitako adierazpena,zeinen bidez alderdi bien arteko harremanak finkatzea eta beren konpromisoa berrestea adostu duten “XXI. mendean gizateriak dituen erronka nagusiei elkarrekin ekiteko eta gure errealitate eta esperientziak elkarren artean partekatzeko, Latinoamerikako eta Europako gizarteetako kide garen aldetik”. Ortuzarrek Sabin Etxean hartu du Chahín, Txileko agintaria Euskadin egiten ari den bisitaren barruan. Euskadiko  herrialdean dagoen bitartean, Chahín Iñigo Urkullu lehendakariarekin batzartuko da eta Forondan izan da EAJ-PNVk ospatu duen Alderdi Egunean. Topaketan Ortuzarren ondoan izan dira Mikel Burzako, EBBren barruan Nazioarte gaietarako burukide arduraduna, eta Manuel Gallardo, Txileko Demokrazia Kristauko gazteen presidentea.

Txile eta Euskadiren arteko anaitasuna eta adiskidetasuna oso presente egon dira gaurko topaketa honetan. Txile izan da, historikoki, hainbat arrazoirengatik, dela arazo ekonomikoengatik dela politikoengatik,  erbestera irten beharra izan zuten milaka euskal emakume eta gizonentzako harrera  herrialdea. Politikoak izan ziren Agirre Lehendakaria andeetako herrialde hartara eraman zuten arrazoiak; eta erbeste derrigortu eta mingarri hartan ulermena eta babes politikoa aurkitu zituen Eduardo Frei Montalvak orduan zuzentzen zuen Demokrazia Kristauaren eskutik. Haren semea, Eduardo Frei Ruiz-Tagle, 1998an izan zen Euskadira bisita ofizialean etorri zen  herrialde bateko lehen presidentea.

Topaketa honekin eta adierazpen honen bidez, EAJ-PNVk Txileko Demokrazia Kristauarekin orain arte  lotu  dituen harreman onak indartu nahi ditu, eta hurrengo urteei begira  zuzendaritza berriarekin ezarri nahi ditu hurrengo urteetarako alde biko harreman sendoa. PDC alderdiak barne hauteskundeak egin zituen iragan maiatzean eta prozesu haren ondorioz izendatu zuten presidente Fuad Chahín jauna. Alderdi biek partekatzen duten konpromisoa da historikoki izan dituzten harremanak finkatzea eta goragoko egituretan ezartzea, EAD-PDE Europako Alderdi Demokrataren bidez, Ortuzar presidenteordea delarik, eta Latinoamerikako ODCA-ren bidez, zeinen Idazkaritza Txileko Demokrazia Kristauaren ardurapean dagoen. Txilek 2020 urtean egingo ditu udal eta erregioetako hauteskundeak.

PARTEKATU