Andoni Ortuzar Donostian izan da gaur, Groseko Batzokian alderdikide beteranoei egin zaien omenaldian

"Zuen ametsa beti izan da Euskadi askea ikustea eta, zuen lanari eta konpromisoari esker, amets hori apurka-apurka errealitate egiten ari gara” esan du EBBko presidenteak
Andoni Ortuzar Donostian izan da gaur, Groseko Batzokian alderdikide beteranoei egin zaien omenaldian
28 Maiatza | EBB

Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, gaur eguerdian izan da Groseko Batzokian, Donostiako auzo horretako Uri Erakundeak bere alderdikiderik beteranoenak omentzeko egin duen ekitaldian. Omenaldi hau `Groseko Alderdikidearen Astea´ izenburuko ospakizunaren barruan egin da eta EBBko presidentearen ondoan izan da, besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkatea. Ortuzarrek eguna ospatzeko eta gogoratzeko oroigarriak eman dizkie Iñaki Alkain (85), Jon Ormaetxe(84), kontsuelo Zapiain (84) eta Amaia Aristegiri (90 urte eta ezin izan da bertan izan). “Zuok bidea hasi zenuten. Urte gogor haietan, diktadura eta klandestinitate garaian, bide estu eta ilunetatik ibili behar izan zenuten, baina orduko bide hura gaur egun bide zabala da. Euskadi askatasunera eramango duen bidea. Hori izan baita zuen ametsa: Euskadi askea ikustea , eta apurka-apurka errealitate bihurtzen ari gara, zuei guztioi esker” esan du EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. “ Zuen lanak jarraipena merezi du eta jarraipena izan behar du gure lanean eta gure konpromisoan. Gaur, Mungian, Ibilaldia egiten ari dira,Bizkaiko ikastolen eta euskararen jaia, eta mungiar ospetsu bat , Lauaxeta izan zen hauxe idatzi zuena :'Dana emon behar jako maite dan askatasunari'. Zuek horixe egin duzue eta guri dagokigu zuek hasitako bidetik jarraitzea” gaineratu du Ortuzarrek. "Ohore handia da zuek moduko alderdikideak izatea. Handi egin duzue EAJ alderdia” esan du EBBko presidenteak gaurko omenaldiko protagonisten emozioa ikusirik.

Ortuzarrek era honetan azpimarratu du alderdikide beteranoen lana eta konpromisoa aintzat hartu eta aitortu behar dela , eta aldi berean aldarrikatu du alderdiaren egitura guztietan emakume eta gizon gazteak sartu behar direla. “Ateak zabalik utzi behar ditugu gazteak sar daitezen, gazteenak alderdira etor daitezen. Etorkizun hurbilean guk Amaia, Kontsuelo, Jon eta Iñaki moduko pertsonengandik hartu dugun lekukoa beraien ardurapean utz dezagun. Ezinbestekoa da alderdia gaztetzea, baina ez bakarrik bere formetan, bere itxuran, oinarrian ere gaztetu beharra dagoelako. Alderdiaren jardunean gazteak sartu behar ditugu orain arte izan garen alderdia izaten jarrai dezagun, errealitatetik hurbil bizi den alderdia, gizartearekin harreman zuzena duena” esan du.

Groseko Uri Erakundeko presidente Josu Casalek omenaldiari eman dio hasiera eta bere batzokiaren lorpenak aldarrikatu ditu “Gerran, diktaduran eta demokrazian gertatu zaizkion ezbehar guztiak gainditu ahal izan ditu. Batzoki honetan klandestinitate garaian euskara eskolak eman ziren, euskal dantzak irakatsi ziren, abesbatza sortu genuen, txirringa lasterketa eta pilota txapelketak bultzatu genituen. Zergatik? Euskadi gure aberrian uste osoa dugulako. Jose Antonio Agirreren Euskadi da gure aberria. Eta lan hura guztia egin ahal izan zen gure alderdikideen lanari esker”. Casalek gaurko topaketa baliatu du Groseko Uri Erakundeak lan eta konpromiso bide honetatik jarraitzeko duen asmoa eguneratzeko. "Batzoki hau aurrerapenera irekita dago eta bere ateak zabal-zabalik ditu Gros auzoarentzat. Danborradan eta San Tomas egunean parte hartzen dugu, gaur egun ere abesbatza daukagu, hitzaldi gastronomikoak antolatzen ditugu eta Ramón Labayen saria ematen diegu zuzendari eta aktore/aktoresa lanetan ari diren emakume eta gizonei. Eta arlo digitalean ere egitasmo garrantzitsua daukagu martxan” esan du.

`Groseko Alderdikidearen Astea” izenekoari amaiera emateko Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko bozeramaileak hitzaldi bat eskainiko du datorren ostiralean, ekainak 2, batzokian bertan, 19:30etik aurrera.

 

PARTEKATU