Nerea Ahedok Estatuko gobernuari eskatu dizkio neurri zehatzak eta Autonomia Erkidegoekin eta Toki Erakundeekin koordinatuak, migrazio fenomenoak une honetan sortzen dituen ondorioei aurre egitera begira. Gobernuari kontrola egiteko bilkuran, EAJ-PNVko senatariak Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantza Ministro andreari adierazi dio ezinbesteko gertatzen dela Europa mailako politika koordinatua izatea, “Estatuek zerbait egin behar dute. Urte bete izan duzue egoera aztertzeko eta proposamen zehatzak pentsatzeko. Neurri horiek, gainera, koordinatuta egon beharko lukete Autonomia Erkidegoekin eta Toki erakundeekin”.
Ildo beretik, Ahedok Eusko Jaurlaritzaren `Share´ proposamena aldarrikatu du, “Euskadin analisi eta hausnarketa sakona egin ondoren sortu dena”. Jaurlaritzaren proposamenean jasotzen da gobernu erregionalek Estatu gobernuei eta Europako erakundeei adieraztea migrazioarekin konpromiso bat hartzeko jarrera, eta senatari jeltzaleak Magdalena Valeriori galdetu dio aintzat hartzeko modukoa iruditzen ote zaion. Magdalena Valeriok Eusko Jaurlaritzak eta Euskadik esparru honetan eginiko lana goraipatu du eta adierazi du elkar ulertze ona emango dela ekimen aitzindari honen inguruan.