“Euskadik jauzi kualitatiboa behar du errespetatuak izan gaitezen bermatzeko“

Eta estatus berrirako “Estatuak errespeta eta aintzat har gaitzan eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugun herri gisa onar gaitzan, Kataluniak eta Euskadik batera egin ditzakegun ekarpenak klabeak dira”
25 Ekaina | Berria

"Egungo estatus modeloa erabat agortuta dago", esan du EAJko bozeramaileak, "Euskadik jauzi kualitatibo bat eman behar du, herri honek benetan aldebikotasunean eta errespetuan oinarritutako harreman bat gauzatu nahi badu"; "berrogei urte eta gero, ezin gara ibili eskumen eskualdaketa berdinak eztabaidatzen". Eta estatus berri hori lortzeko urratsak emateko orduan, " Estatuak errespeta eta aintzat har gaitzan eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugun herri gisa onar gaitzan, Kataluniak eta Euskadik batera egin ditzakegun ekarpenak klabeak dira", gaineratu du.

Egibarrek uste du "urrats kualitatibo" hori eman behar dela, eta zehaztu du estatus politiko berriak euskal herritarren eskubide sozial, ekonomiko, kultural, linguistiko eta politiko guztiak barne hartuko lituzkeen eskumen-kopurua eguneratzea ekarri beharko lukeela. "Honen guztiaren benetako lokomotora harremana aldatzea da", azpimarratu du. “Bilateralitate horretan errespetuz jokatu behar bada, garbi dago erabakitzeko eskubidea zurea dela, eta erabakitzeko eskubide horretan abiatuta hitzartzen duzu Espainiako Gobernuarekin kasuan edo Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten indarrekin; baina, oinarri demokratikoaren abiapuntua Eusko Legebiltzarrean jarrita”,  zehaztu du.

Bozeramaile jeltzaleak Katalunia izan du hizpide, eta indultuen inguruan galdetuta, indultuak "beharrezkoak" eta "urrats bat" direla esan du, baina pauso hori "ez dela nahikoa" azaldu du. Alde horretatik, Kataluniaren eta Estatuaren arteko gatazkari erantzun demokratikoa ematearen alde egin du. "Mahai politiko bat osatuko bada, argi dago printzipio demokratikoak nagusitasun bat izan behar dutela, hau da, Kataluniako herritarrek erabakitzen dutenari garrantzia eman beharko zaiola; ez da erabat loteslea izango, baina legearekin uztartu egin beharko da", azaldu du.

Ikuspegi horretatik, Egibarrek indarrean dagoen legediak erreferendum ez-lotesleak egiteko aukera onartzen duela gogoratu du, Rubio Llorente Auzitegi Konstituzionaleko kide ohiak adierazitako aipatuz. Erreferendum modalitateen 1980ko Legeak, adibidez,  katalanen nahien inguruko erreferendum ez loteslea egitea ahalbidetzen du. "Eta emaitza ikusi ondoren, legea aldatu ala ez erabakitzen da. Hori posiblea da,  borondate politiko kontua da", azpimarratu du.

Bi aldeek beren buruari bi urteko epea eman diotela onartu ostean, "bi urte nahiko dira azterketa egiteaz gain, irtenbide posibilitateak aurkezteko. “Arazo politiko bat dago, eta bi urteren buruan ezin da erabat konpondu, baina agian bai oinarri batzuk ezarri", esan du.

“Estatuak arazo bat du, ez bakarrik Kataluniarekin, baita Euskadirekin ere", gaineratu du; "eta baliteke batasun puntu bat egotea, bi kasuetan lurraldetasunaz eta herriaren borondatea errespetatzeaz hitz egiten ari garelako". Zentzu horretan, gogorarazi du EAJ-k Sanchezi babesa emateko inbestidura akordioan PSOEk Euskadirako eta Kataluniarako negoziazio politikorako mahaiak eratzeko konpromisoa hartu zuela eta “jakin badakite hausnarketa hori pendiente dagoela”.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea suspertzeko aukeraren inguruan, "Alderdien arteko elkarrizketa behar-beharrezkoa" dela esan du; "ezin gara Autogobernu Lantaldera joan berriz aurretik elkarrekin hitz egin gabe".

Batzorde txostengileak EAJren, EHBilduren eta, neurri batean, Elkarrekin-Podemosen babesarekin estatus berrirako oinarriak onartu zituela adierazi ostean, argitu du oinarri horiek Legebiltzarrean gordeta daudela, adituek egindako dokumentuekin batera, eta horiek guztiak baliagarriak izan daitezkeela.

Akordioetara iristeari dagokionez, "Jauzi politikoa egingo bada, ezker abertzaleak barruan egon behar du; eta hitzartuz gero, Alderdi Sozialistak eta Podemosek ere akordioa behar dute, biak baitaude han, Gobernuan, eta hemen, Eusko Legebiltzarrean", gaineratu du. “Guztion beharra ba”, bukatu du.

PARTEKATU