‘Euskadik aurrera darrai‘, ‘Euskadi sigue avanzando‘, EAJ-PNVk datorren igandean Forondan ospatuko duen Alderdi Egunaren goiburua

Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu izango dira jeltzaleen jai handiaren 43. edizioko ekitaldi nagusiko protagonistak. Klima aldaketaren erronkak denbora eta espazio nabarmenak hartuko ditu aurtengo ospakizunean
26 Iraila | EBB

‘Euskadik aurrera darrai’. ‘Euskadi sigue avanzando’. Hori da EAJ-PNVk igandean, irailak 29, Forondako zelaietan ospatuko duen Alderdi Egunerako aukeratu duen goiburua. Urteroko jai handi honetako ekitaldi nagusiko protagonista izango dira Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, Andoni Ortuzar, eta Iñigo Urkullu Lehendakaria, eta, beti bezala, askotariko gastronomia eta kulturen eta musika eta kirolaren topagunea izango da. Halaber, klima aldaketaren erronka handiak ere toki nabarmena izango du jeltzaleen jaialdian. Hala iragarri du Euzkadi Buru Batzarreko idazkari andre Mireia Zaratek gaur goizean Sabin Etxean eskaini den prentsa aurrekoan. Zaratek ezagutzera eman du igandean, Forondara, gonbidatu gisa joango diren alderdi eta erakundeen zerrenda luzea, hauen artean Korsikako presidente Gilles Simeoni eta Amerikako Demokrata Kristauen erakundeko presidente Juan Carlos Latorre.

2019ko Alderdi Egunaren aurkezpenean ere hitz egin du Gorka Mostajok, Euzko Gaztedi EGIren Aberri Kontseiluko kideak. Mostajok iragarri duenez EGI erakundeak Alderdi Egunaren inguruan egin ohi dituen ekitaldien barruan, larunbatean, gazte jeltzaleek zuhaitz bat landatuko dute Ortuzar eta Urkullu Forondara doazela aprobetxatuta. “Jakin dakigu oso gauza txikia dela, baina erakutsi nahi dugu gure erakundea benetan kezkatuta dagoela klimaren aldaketarekin. Eusko Jaurlaritzari eta Alderdiari adierazi nahi diegu gure belaunaldia izango dela beroketa globalaren ondorioak zuzenean pairatuko dituena, eta animatu nahi ditugu beren eguneroko jardunean gai hori kontuan hartzen jarraitzera, neurri bakoitzean eta bideratuko den politika bakoitzean”, esan du Mostajok gai hau “EAJ-PNVren agenda politikoan jasota dagoela” gogoratuz. Izan ere, “Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketaren larrialdi egoera ezarri zuen iragan uztailaren 30ean”.

Ondorengo hauek izan dira Mireia Zarate andrearen hitzak eta ondorengoak dira jeltzaleen jai handiaren 43. edizio honen zenbaki eta xehetasunak:

Egunon. Buenos días. Bonjour. Eskerrik asko denoi, aurten ere, Alderdi Egunaren aurkezpenera etortzeagatik. Alderdi Eguna egun berezia izan ohi da jeltzaleon familia hau osatzen dugun guztiontzat. Urteroko hitzordua, irailaren azken igandekoa, igandean 43. edizioa beteko duena.

‘Euskadik aurrera darrai’. ‘Euskadi sigue avanzando’. Hauxe da aurten aukeratu dugun goiburua; gaur egungoa bezalako testuinguru politiko eta ekonomiko delikatuan, Euskadik eta euskal herritarrok lanean jarraitzen dugulako, duela 43 urte pentsaezin egiten zitzaigun ongizatea izateko. Arazoak ditugu, jakina, baina arazo horiek konpontzeko bidean jarraitzen dugu.

-Aurrera jarraitzen dugu jarduera ekonomiko eta enpresarialaren dinamizazioan: langabezia %10eko muga horretatik jaistea lortu dugu.

-Aurrera jarraitzen dugu politika sozialetan, kontzientzia sozialean. Euskadiko gizarte babesa han eta hemen txalotzen dute.

-Aurrera jarraitzen dugu programa eta inbertsioekin, euskal herritarrok gure osasun sistemaz eta gure gazteen prestakuntzaz harro egon gaitezen.

-Aurrera jarraitzen dugu Euskal Nazioaren aitortza lortzeko bidean, gure Estatutuen 1. artikuluak ezartzen duen legez.

Lehenago esan dut arazoak ditugula. Bai, baditugu, eta ezagutzen ditugu. Langabezia, lanpostuen prekarietatea, soldaten arrakala, etxebizitza eskuratzeko dauden zailtasunak, biztanleriaren zahartzea, indarkeria matxista… Eta erronka handiak ere baditugu. Zuen baimenarekin, hiru nabarmenduko ditut gaur: emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea; beste herrialde eta kulturetatik, egunero, Euskadira iristen diren pertsonei harrera duina eta egokia ematea; eta denon artean klima aldaketaren mehatxuari aurre egitea. Erronka hori oso presente egongo da aurtengo Alderdi Egunean, Gorka Mostako Euzko Gaztedi EGIren Aberri Kontseiluko kideak azalduko dizuen legez.

Urtero bezala, Alderdi Egunak askotariko jarduerak eskainiko ditu, baina gauza guztien gainetik egongo da Euskadiko txoko guztietatik etorriko diren lagunen topagunea izango dela. Gainera, beste hainbat naziotako ordezkariak etorriko dira egun hori gurekin ospatzera: Katalunia, Galizia, Balear Uharteak, Valentzia, Kanariak, Flandria, Bretainia, Georgia, Venezuela… eta abar luze bat. Eta, horiekin batera, gure artean izango ditugu Korsikako presidente Gilles Simeoni eta Amerikako Demokrata Kristauen presidente Juan Carlos Latorre.

Zenbakiak, aurten ere, benetan deigarriak. 90etik gora lagunek, boluntarioak denak, hilabetea daramate Alderdi Eguna antolatzen eta prestatzen. Hemendik, gure esker onik beroena eta zintzoena EAJ-PNVko alderdikide guztien partez. Alderdi Egunak 400.000 metro koadroko zabalera hartuko du, 130.000 metro koadro hartuko ditu jai-guneak, 25.000 metro koadro erabiliko dira karpetarako, eta gainerakoa aparkaleku eta zerbitzuetarako. 28 txosna eta 140 jantoki jarriko dira eta 20.000 bazkari emango dira. Aurreko urtean bezala, Venezuelako Erakundeak ere bere txosna jarriko du. Compromiso por Galicia-ko lagun eta kideak ere bertan izango dira eta beren produktuak eskainiko dituzte.

Alderdi Eguna 10:00etan hasiko da, bertaratu guztiei ongi etorria ematearekin batera. Ordu berean hasiko da meza eta 11:15ean hasiko da agintarien desfilea.12:00etan ekitaldi nagusia Iñigo Urkullu Lehendakariarekin eta Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrekin. 13:15ean herri kirolak eta erromeria.16:00etan Disko-Festa. Urtero bezala, txikienentzat,egun osoan irekita egongo da Txiki-Txokoa ludoteka eta puzgarriekin, rokodromo, tirolina, jumping, quad zirkuitu eta txirringa zirkuituarekin.

Alderdi Egunari buruzko informazio guztia (egitaraua, txosnen kokapena, jarduerak, eta abar) eskuragarri duzue gure web gunean alderdieguna.eaj-pnv.eus gune berezian eta “Alderdi Eguna” aplikazioan, AppStore eta Google Play-en eskuragarri. Aplikazioak ‘push’ mezuak eskaintzen ditu, erabiltzaileen telefonora bidaltzen diren ohar eta informazio interesgarriekin. Halaber, larunbatetik aurrera, Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialetan, azken prestakuntza lanak erakutsiko ditugu eta, jakina, Alderdi Egunean bertan, lehen ordutik azken ordura arte #AlderdiEguna y #AURRERA traolekin. Eta igandean, ekitaldi politikoa jarraitu ahal izango da gure web orrialdean, streaming bidez eta, beti bezala mugikorretarako egokituta. YouTube kanalean eta Facebook orrialdean ere egongo dira ikusgai. Aurtengo berrikuntza da Alderdi Eguna 360 gradutan ere ikusi ahal izango dela gure Facebook orrialdean. Gure ospakizun handira etortzerik ez duenak ere izango du den-dena ikusteko eta bizitzeko aukera.

PARTEKATU