Ortuzar: “Politikan koherente izan behar da, asteazkenean gertatutakoa ez zen izan eta katetuenak Sánchez eta bere gobernua izan dira”

EBBko presidenteak susmo txarra hartzen dio PSOE-Podemos-Bildu akordioari: “Oraindik ez dakigu zertan datzan, baina udalei dagokienaren aldetik aspaldikoa da gaia: Euskadiko erakundeek behintzat, mekanismo nahikoak izango dituzte bide serioago batetik finantzaketa egokia izateko”

Ortuzar: “Politikan koherente izan behar da, asteazkenean gertatutakoa ez zen izan eta katetuenak Sánchez eta bere gobernua izan dira” 22Maiatza 22 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Politikan koherentzia behar da, eta asteazkenean gertatu zenari denetatik esan ahal zaio koherente izan ezik. Bilduk eskubideak ditu, jakina, akordioetara iristeko eta Alderdi Sozialistak, parlamentuko gainerako talde guztiengana hurbiltzeko, baina gutxieneko koherentzia bat behar da. Geometria aldakorrak, koherentziarik gabe, halako ikuskizun politikoetara eramaten zaitu, eta oraingo honetan kaltetuenak izan dira Pedro Sánchez eta bere Gobernua”. Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur goizean baloratu du, atzo,egun osoko hausnarketa egin ondoren, iragan asteazkenean Diputatuen Kongresuan PSOE, Podemos eta EH Bilduren artean adostu zuten akordioa, asteazken iluntzean Diputatuen Kongresuan bertan ezagutzera eman zena eta ordutik aurrera horrenbesteko nahasmen,hika-mika eta zentzugabekeria eragin dituena. Euskal Telebistan `En Jake´ saioan eskainitako elkarrizketan, buruzagi abertzaleak baieztatu du akordio horrek, oraindik testua eta azken xedea ezagutzen ez direla, berriak ez diren alderdiak jasotzen dituela, eta zalantza eta mugapen ugari dituela, besteak beste udalen finantzaketari dagokiona. “Nire sentsazioa da akordio hori ez dela bat ere nahikoa, baina Euskadiko erakundeek behintzat beste mekanismo batzuk izango dituzte Euskadiko hiru erakunde mailen finantzaketa zuzena bermatzeko, hau da, Jaurlaritzan, Aldundietan eta Udaletan. Askoz ildo serioagoa eta apur bat seguruagoa da hiru erakunde maila hauentzat, akordio honek esaten duena baino”, baieztatu du.

Ortuzarrek argi eta garbi deskribatu du asteazkenean gertatu zenaz geroztik sortu den egoera politikoa. “Une honetan Pedro Sánchezek haserretuta dauka Ciudadanos alderdia, eta alderdi horrengana hurbiltzea izan zen bere apustua azken alarma-egoeraren luzapenaren bozketan gehiengo bat bermatzeko; ez dut uste azken gertakari hau Esquerra Republicana alderdiari gehiegi gustatu zaionik,eta talde garrantzitsua da babes aldetik; eta guri dagokigunez,… Bada,koronabirusaren krisi honetan gobernu horretan jarri genuen konfiantza dosia gastatzen joan gara. Esan genezake, adibide bat ematearren, EAJk Gobernuan eta Pédro Sánchezengan daukan konfiantzaren biltegian erretserba argia piztu egin dela. Nik ez dakit, honezkero, Sánchezek norekin gobernatu nahi izango duen, baina guztiekin, “totum revolutum” bat da, ezinezkoa da. Aukeratu behar du eta guk uste dugu gehiengo argi eta nahikoa dagoela, inbestidurara eraman zuena, hain zuzen , eta bide hori landu behar dute: ERC, EAJ-PNV eta alderdi txikiago batzuk. Oinarri horren gainean eraiki behar ditu Sánchezek gobernagarritasuna eta gehiengoak. Eskema horretatik ateratzeak ondorioak ekarriko dizkio, eta ez gutxi, azken 72 urteotan ikusi dugun bezala”.

EH Bilduk Espainiako estatuaren gobernagarritasunean inplikatzeko hartu duen erabakiaz galdetu diotenean, burukide abertzaleak argi bezain sendo hitz egin du: “Bilduri ez diot ezer gaitzetsi behar lortu duen akordioagatik. Besteok 40 urtetan egin duguna egin du. Bi “baina” jarri behar dizkiot,ordea. Lehenengoa: 40 urtetan entzun behar izan dugu horrelako gauzak egitea zela Euskadi dilista platerkada baten truke saltzea, eta orain eurek egin dute eta harrokeriaz ari dira aldarrikatzen. Eta bigarrenik: nahiko nuke Pedro Sánchezekin eta bere gobernuarekin duten jarrera hori, Diputatuen Kongresuko tribunatik hitz egiteko darabilten gozotasun hori berori Eusko Legebiltzarrean eta Eusko Jaurlaritzarekin izatea, hemen dena baita okerra. Esaera zahar batek dioen bezala “kalean uso, etxean otso”: kalean, Madrilen, uso apalak dira eta hemen, Euskadin, osoak.

Ortuzarri galdetu diote gertatu den guztia ote den PSOEK EAJ-PNVri ohartarazpena bidali nahi diolako bestelako gehiengo batzuk osatzearen inguruan. “Izan daiteke, politikan edozer gerta liteke eta demokrazia batean parlamentuko aritmetika guztiz zilegi da. Beste gauza bat da nik ez nukeela PSOEren lekuan egon nahi: arazo nahikoa ditu Espainian gehiago bilatzeko. Ikusi dugu asteazkeneko kontu ulertezinarekin zer gertatu zaion. Nik Pedro Sánchezi gomendatu nion ibaiaren erdian zaudela ez dela ona izaten zaldiz aldatzea, eta esan nion ez nuelako ondo ikusten ERCtik aldentzea eta Ciudadanosi begiratzen hastea. Baina, jakina, ibaiaren erdian zaudela zaldiz aldatzea Ciudadanos-etik Bildura aldatzea bada eta, gainera, EAJ-PNVren jarrera ona arriskutan jarriz, uste dut bere esfortzuak emaitza kaskarra izango duela. Ez dut uste bere aldetik oso zentzuduna denik”.

Buruzagi jeltzaleari, azkenik, alderdi politikoen egoitzen aurkako erasoak politikatik nola gelditu daitezkeen galdetu diote, eraso hauek batez ere batzokien kontra egin direla nabarmenduz. “Horiek gelditzeko, alderdi politikoen arteko batasuna behar da egileei, gizarte honetan marjinalak direnei, horrela aldarrikapenik egiterik ez dagoela esateko, aldarrikapen bat zuzena dela uste arren. Nik Ezker Abertzaleari eskatzen diot bere jarrera alda dezala, anbiguotasunetik kanpo irten dadila. Bakoitzak nahi duena aldarrika dezake,baina besteei eraso egin gabe. Demokraziaren oinarrizko araua da. Ezker Abertzaleak ez luke zalantzarik, eragozpenik edo zailtasunik izan behar gainerako alderdi politikoekin akordio batetara iristeko eta egoera hau geldiarazteko. Ausarta izan beharra du eta bere barruko deabruei planto egin behar die. Bere taldeko menderakaitzei esan behar die `horrela ez´. Oso erraza da, ausardia politikoa baino ez da behar: “gozokia janda eta jateke, ez daiteke”. Gauza baten edo bestearen alde egin behar dute, eta demokrazia aukeratu behar dute. Onartezina eta jasanezina da”.

Interesatu Zaitez