Memoriaren Eguna: iraganaren memoria "kritiko eta justifikaziorik gabea" aldarrikatu du EAJk, elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko

Legebiltzar-taldeak parte hartu du gaur Eusko Legebiltzarrak indarkeriaren biktima guztiak omentzeko egin duen ekitaldian, "guztiek, bazterketarik edo parekotasunik egin gabe, oroimena eta duintasuna merezi dutelako". Bakartxo Tejeria eta Iñigo Urkullu izan dira ekitaldiaren buru

Memoriaren Eguna: iraganaren memoria 14Azaroa 14 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

EAJ-PNVk Memoriaren Eguna ospatu du gaur, Euskadiko erakundeek deitutako ekitaldiekin bat eginez. Oraingo honetan, eta hauteskunde orokorrak igandean zirenez, ospakizuna gaur arte atzeratu behar izan dute. Eusko Legebiltzarrean, biktima guztiak omentzeko ekitaldia Ganberaren kanpoaldean egin dute, "Gauerdiko iparrorratza" eskulturaren ondoan; bertaratuek lore eskaintza eta bi minutuko isilunea egin dute. Iñigo Urkullu lehendakaria, bere gobernu-taldearekin batera, eta Bakartxo Tejeria presidentea  izan  dira  ekitaldiaren buru.

EAJ-PNVren legebiltzar-taldeak eskatu du  iraganeko akatsak ez betikotzea eta guztion artean memoria kritikoa eta iraganaren justifikaziorik gabea eraikitzea; egindako mina aitortzea eta bakoitzak gaizki egindakoa onartzea. "Biktima guztiek merezi duten justizia, egia eta erreparazioa bermatzeko lanarekin jarraituko dugu, bazterketarik eta parekotasunik egin gabe,  minaren aurrean biktima guztiak berdinak direlako. Memoriaren sugarrak bizirik iraun behar du, bizirik iraunarazi  behar diogu, oroitzapena bermerik onena delako iraganeko akatsak saihesteko. Biktimak ezin dira berriro ere biktima izan gu isilik geratzeagatik".

Jeltzaleen ustez, etorkizuna bakean  eta bizikidetzan oinarrituta eraikiko badugu, gogoan izan behar ditugu indarkeriaren bidegabekeria eta eragindako kaltea. "Oroimena aintzat hartzea ere bada inoiz errepikatu behar ez den iraganari buruzko hausnarketa kritikoa egitea. Urrats irmoak ematen jarraituko dugu bakean eta askatasunean oinarritutako bizikidetza eraikitzen laguntzeko, non indarkeria erabat deslegitimatuta egongo den. Giza eskubideen edozein urraketak aurka izango gaitu beti". Pertsonen duintasuna eta bizitzeko eskubidea edozein beste irizpideren gainetik egongo dira beti.

 

Interesatu Zaitez