Euskal Taldeak 29 galdera aurkeztu ditu Ejertzitoan ideologia totalitarioko taldeen existentziaz

Indar Armatuetako kideen artean jarrera antidemokratikoak agerian uzten dituzten proba grafikoak zabaldu direla ikusirik, Joseba Agirretxeak Defentsa Ministerioari galdetu dio “egiaztatu ote den antzeko gertakaririk” izan ote den Autonomia Erkidegoetako unitate militarretan

Euskal Taldeak 29 galdera aurkeztu ditu Ejertzitoan ideologia totalitarioko taldeen existentziaz 19Urtarrila 19 |
Kongresua

PARTEKATU

Euskal Taldeak galdera multzo bat erregistratu du Espainiako Ejertzitoan ideologia totalitarioko talderik ote den galdetzeko. Idatziz aurkeztu diren 28 galdera eta txosten eskari bat izan dira, Joseba Agirretxea diputatuak aurkeztu dituenak.

Euskal Taldearen kezka, Armadaren baitan ultrak egotearen inguruan, aspaldikoa da. Izan ere, 2020ko otsailean, Aitor Estebanek galdera bat egin zion Espainiako Gobernuari, Gobernuak ikerketa bat egiteko asmorik ote zuen jakiteko, Alemaniak egin duen bezala, Armadaren baitan ideologia totalitarioko taldeak antzemateko. Ildo beretik, eta militar ohien arteko mezuetan 26 milioi pertsona fusilatzeko eskaria publiko egin ondoren, edota erregeari hizkera beliko eta antidemokratikoa erabiliz bidalitako gutuna argitara irten ondoren, Agirretxeak berak Kongresuko osoko bilkuran galdera bat egin zion Margarita Robles ministroari, eta galderak jaso zuen erantzunak, "Bizkortasunez jokatzeko eta jarrera horiei aurre egiteko konpromiso zorrotza adierazi beharrean, gure kezka areagotzen lagundu zuen", esan du diputatu jeltzaleak.

Hori guztia dela eta, Joseba Agirretxeak galdera sorta bat aurkeztu du, Defentsa Ministerioak "antzeko gertakarien berri" ote duen jakiteko (komunikabideen eta sare sozialen bidez azken hilabeteetan ezagututakoak), autonomia erkidego bakoitzeko eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoetako unitate militarretan.

Halaber, diputatu jeltzaleak interesa agertu du hil honen hasieran eskola militarretako araudia gogortzeko. Horri dagokionez, Agirretxeak "informazio gehiago" eskatu du, Ministerioa erabaki hori hartzera bultzatu duten arrazoien inguruan galdetu du eta Defentsa Ministerioari txosten-eskaera baten bidez onartutako araudia eskatu dio.

Diputatu jeltzaleak era berean galdetu du urtarrilaren hasieran A Grañako Itsas Armadako Espezialitateen Eskolak (Ferrol) argitaratu duen barne-dokumentuaz. Agiri horretan, matxinatu zen militar bat goraipatzen zen frankismo-kutsuko terminologia erabiliz. Ildo horretan, "1936ko altxamendutik jasotako sinbologia eta terminologia ezabatzeko proposatzen dituen neurriez" galdetu dio Gobernuari, eta "Gobernuak sinbolo horiek erakustea ustez balio demokratikoak defendatzen dituen erakunde batekin bateragarria dela uste duen" jakin nahi du.

Defentsa Batzordean Euskal Taldearen bozeramaile den aldetik Joseba Agirretxea diputatuak baieztatu du hurbiletik jarraituko duela “gai kezkagarri hau” eta ez du baztertu beste galdera edo ekimenak aurkeztea.

Interesatu Zaitez