Aitor Estebanek estatuaren indarra U-1aren aurrean egon daitekeen irtenbide bakartzat erabiltzea kritikatu du, eta kataluniar herriaren ahotsa entzutea eskatu du

Ciudadanos taldeak Estatuko botereak defendatzeko aurkeztu duen ekimenaren aurrean salatu duenez “urteotan ez zaie kasurik egin Kataluniatik egiten ziren alarma argiei”

Aitor Estebanek estatuaren indarra U-1aren aurrean egon daitekeen irtenbide bakartzat erabiltzea kritikatu du, eta kataluniar herriaren ahotsa entzutea eskatu du 19Irailak
2017
2017 IrailaK 19 |
Kongresua

PARTEKATU

EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaile Aitor Estebanek gogortasun osoz kritikatu du gaur Espainiako gobernuak eta PP eta Ciudadanos alderdiek Katalunian urriaren 1ean egingo den erreferendumaren aurrean erakusten ari diren jarrera “soilik Estatuaren indarra aldarrikatuz”, eta gaineratu duenez hartzen ari diren neurriak, “ez dira egokiak”.

Ciudadanos taldearen ekimenez osoko bilkuran eztabaidatu den Legez Besteko Proposamenaren kariaz Estebanek adierazi duenez “urteotan ez zaie kasurik egin Kataluniatik bidaltzen ziren alarma argiei” eta “politika eta elkarrizketa” baliatu behar direla aldarrikatu du, ezinbestean egin behar dena “kataluniar herriari entzutea” dela eskatzearekin batera.

Estebanek Ciudadanos alderdiaren ekimena kritikatu du bere ustetan “PPren eta Espainiako gobernuaren politikak finkatzea” eta `ahateari igerian irakasteko moduan daudela´ erakustea bilatzen duelako. Era berean kritikatu du Albert Riverak iragan irailaren 11n Diada egunaren kariaz eman zuen diskurtsoa `nazionalismoaren arazoa da demokraziarekin bateraezina dela´ edo nazionalismoaren baloreak `handikeria, inposaketa, berekoikeria eta zatiketa” direla esanez. “Zuek bai apurtuko duzuela Estatua `bat, handia eta askea´ adierazpidea eta antzekoak dakartzan hizkerarekin” txarretsi du Estebanek, Riveraren alderdiak bultzatzen dituen “inposaketa eta berdinketa politikak” salatu ondoren.

Jeltzaleen bozeramaleak era berean kritikatu ditu Legez Besteko Proposamenaren zioak, demokraziaren defentsan ari direla adierazi arren: “Zerk eragin diezaioke kalte handiagoa demokraziari, herriak hitz egiterik ez izateak baino?” galdetu dio Ciudadanos alderdiko buruari.

Amaitzeko, Aitor Estebanek ‘Els Segadors’ abestiaren hitzak ekarri ditu gogora: ‘Endarrera aquesta gent tan ufana i tan superba’ , bere aburuz, kataluniar herriaren gehiengoaren sentimenduak deskribatzen dituztelako “harrokeria handiz tratatuak dira eta hori da, hain zuzen, nahi ez dutena”.

Interesatu Zaitez