Ramiro González: “Ziur nago Araba industriari esker izango dela berriro ere lurralde liderra”

Diputatu nagusia izateko EAJ-PNVren hautagaiak, eragile guztiak suspertze ekonomikorako eta enplegurako mahai batera deitzea proposatu du.

Ramiro González: “Ziur nago Araba industriari esker izango dela berriro ere lurralde liderra” 06Maiatza 06 |
Araba

PARTEKATU

Arabako diputatu nagusia izateko EAJ-PNVren hautagaia, Ramiro González, sinetsita agertu da “industriak aterako gaituela krisialditik eta Araba industriari esker izango dela berriro ere lurralde liderra”. Ildo horretan ezinbestekotzat jo du Aldundiak azken legegintzaldian galdutako jarrera aktiboa berreskuratzea, non erakundeen arteko lankidetza eta eragile ekonomikoekiko elkarlana funtsezkoak izango baitira. Ramiro Gonzalezek uste du akordio handien eskutik baino ez dela krisialditik irtengo. Horretarako, lurraldeko eragile ekonomiko eta sozial guztiak suspertze ekonomikorako eta enplegurako mahai batera deitzea proposatu du. “Horrelaxe, errealismotik abiatuta eta ahalik eta adostasun handienaz, Arabako ekonomia bultzatzea ahalbidetuko duten oinarri komunak adostu ahal izango dira”, baieztatu du.

Ramiro Gonzalezek gaur goizean egin ditu adierazpen horiek, Arabako lurraldeko sektore ekonomikoko ehun bat ordezkarirekin egin duen lan-gosarian. EAJ-PNVk Foru Aldundirako hauteskunde-programaren atal ekonomikoan jaso dituen ardatz estrategikoak azaldu dizkie bilera horretan. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasuneko sailburua, Estefanía Beltrán de Heredia Herrizaingoko sailburua eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaia, erakundeetako beste kargudun batzuekin batera.

Diputatu nagusi gisa hartu beharreko neurrien artean, hautagai jeltzaleak, lehenengo eta behin, suspertze ekonomikorako eta enplegurako mahai batera deitu nahi ditu lurraldeko eragile ekonomiko eta sozial guztiak. “Horrelaxe, errealismotik abiatuta eta ahalik eta adostasun handienaz, Arabako ekonomia bultzatzea ahalbidetuko duten oinarri komunak adostu ahal izango dira”, esan du. Halaber, Ramiro Gonzalezek legegintzaldiaren hasieratik nahi ditu “Eusko Jaurlaritzarekin, udalekin eta kuadrillekin adostu ekonomia biziberritzeko eta enplegua sustatzeko planak, langabezia handiena duten Arabako eskualdeei bereziki zuzenduak”.

Beharrezko aldaketa ekonomiko hori lortzeko eta Arabako lurraldea onbideratzeko, Ramiro Gonzalezek beharrezkotzat jotzen du, lehendabizi, ahalik eta egonkortasunik handiena izango duen foru gobernua eratzea. “Negoziatzeko ahalmen handiena duen eta Biltzar Nagusietan babesik zabalena lortzen duen indar politikoak gobernatu behar du erakundea, eta gobernatu, gainera, hasiera-hasieratik egonkortasun politikoko giroa sortzen ahaleginduz, inbertsioa errazteko eta konfiantza sortzeko. Hau da, Arabako politiken inguruan akordio zabalak bilatu behar dira, akordioak maila guztietan”.

Bere hitzaldian hautagai jeltzaleak esan du enpresa jarduerari modu aktiboan lagunduz suspertu behar dela ekonomia. “Enpresaburuaren izen ona berreskuratu behar da, haren figuraren balioa nabarmendu behar da, eta ekimenen bat daukatenei lagundu. Horretarako, berehala jarri nahi dut abian kanpaina bat enpresaburuaren figurari ospe ona emateko, aberastasun eta enplegu sortzailea den aldetik”.

Ramiro Gonzalezek adierazi du, halaber, beharrezkoa dela “arau eta zerga esparru egonkorra izatea, konfiantza sortuko duena”, eta Arabako Foru Aldundiaren zorraren arazoari ere ekin dio, azken lau urteetan %50 hazi baita. “Ildo horretan, konpromisoa hartzen dut zerga zorren ordainketa geroratzeko eta zatikatzeko politika finkatuko dudala berehala, eta proiektu bideragarriak sekula oztopatuko ez dituzten irizpideak eta mugak ezarriko ditudala”, azpimarratu du. Gainera, haren esanetan, “fiskalitatearen erreformaren gaineko inolako neurririk hartu aurretik beharrezkoa da azken erreformaren emaitzak ebaluatzea eta ezarri zitzaizkion helburuetarako balio ote duen ikustea”.

Logistikari dagokionez, Ramiro Gonzalezek Jundizko estazio multimodalaren aldekoa dela adierazi du. “Arabaren eta bere plataforma logistikoen egoera estrategikoa lehentasunezko elementua dira gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta inbertsio berriak erakartzeko, eta ezin dugu aukera hori alferrik galdu", errepikatu du. Aireportuaren eraginkortasun osoa berreskuratu nahi duela ere adierazi du, 24H, “ez eragiketa kopurua handitzeko bakarrik, datorren legegintzaldian Forondako industrialde aeronautikoaren aldeko aurrera pausuak emateko ere bai”.

Emandako hitzaldian, Araba ekonomikoki berezia egiten duen elementua azpimarratu du Ramiro Gonzalezek: prestakuntza profesionala. “Gure gazteak lanean dabiltzan enpresan bertan zuzeneko prestakuntza eskaintzea sustatzeko prest nago", esan du, eta ETEei eraberritze- eta nazioarteratze-prozesuei berme guztiekin aurre egitea ahalbidetzen dien enpresen arteko lankidetza-prozesuak babestea ere berebizikoa dela gehitu du. “Duela gutxi, EAJ-PNVk hala eskatuta, Arabako Biltzar Nagusiek foru arau bat onetsi zuten; horren bidez, zuzeneko diru-laguntzak ezarri dira enpresen arteko lankidetza-prozesu horietarako, eta nik datozen urteetan indarrean mantendu nahi ditut”, aurreratu du Ramiro Gonzalezek. I+G+b proiektuetara bideratutako programen aurrekontu-zuzkidura bikoiztearen aldeko konpromisoa ere hartu duela iragarri du gero.

Arantza Tapia Ekonomi Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburuaren hitzaldiarekin hasi da ekitaldia. Ramiro Gonzalezek bere lanari eskaintzen dizkion gogoa eta grina azpimarratu ondoren, hautagai jeltzaleak "lurraldeak behar duen buruzagitza eskainiko duela" adierazi du, "duen konpromisoari esker, Arabaren erronkak ondo ezagutzen dituelako”. “Araba aurrera ateratzeko, industriaren alorrean Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Aldundiaren arteko lankidetza oso garrantzitsua dela” baieztatu du jarraian.

 

Interesatu Zaitez