Ortuzarren hitzetan EAJk ez du E-26era begira “esperimenturik” egin behar bere lehentasunak A-20ko berberak direlako: Euskadi eta euskal emakume eta gizonak

EBBren presidentea Donostian izan da Kongresurako eta Senaturako Gipuzkoako hautagaitzak aurkezteko egin den ekitaldian. Ekainean Gipuzkoako zerrendaburuak izango dira Joseba Agirretxea eta Maria Eugenia Iparragirre

Ortuzarren hitzetan EAJk ez du E-26era begira “esperimenturik” egin behar bere lehentasunak A-20ko berberak direlako: Euskadi eta euskal emakume eta gizonak 22Maiatzak
2016
2016 MaiatzaK 22 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Abenduan prest egon ginen eta orain ere bagaude. Orduan eta orain gure lehentasuna Euskadi izan zen eta da. Gure egitasmoa Euskadi da, euskal emakume eta gizonen ongizatearen defentsa. Guk ez dugu esperimenturik egin behar azterketa berri hau gainditzeko”. Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, gaur goizean izan da Donostiako Kursaal jauregian ekainaren 26ko hauteskundeetan Gipuzkoako EAJk Kongresu eta Senaturako proposatuko dituen hautagaiak aurkezteko ekitaldian. Hauteskunde hauei, bere esanetan “euskal hiritargoak ez die harrera onik egin” baina “Euskadik asko izango du jokoan”. Horregatik alderdikide jeltzaleak animatu ditu “abendurako erakutsi zen erabakimenez edo, ahal bada, are handiagoz lan egitera”. Ekitaldi berean hitz egin dute Joseba Agirretxeak, Kongresurako zerrendaburuak eta María Eugenia Iparragirrek, Senaturako zerrendaburuak eta bertaratuen artean izan da, besteak beste, Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarraren presidentea .

Ortuzarrek baieztatu du EAJk gauzak “argi baino argiago” dituela eta E-26ra begira prest dauden pertsonak eta helburuak A-20rako berberak direla, ekaineko azterketa “esperimentuak” eginez edo “kopiatzen” gainditu nahi duten beste alderdien kasuan ez bezala. “Hain dugu argi ezen esperimenturik egin behar ez dugun. Batzuek bai ikusi dute esperimentua egiteko beharra. Seguraski, pentsatu egiten dute beren profila tuneatzen badute, azterketa gainditu ahalko dutela. Ezker Abertzalea izena bai, baina orain ez dira horren abertzaleak. Orain ‘Ezker Antisistema’ dira. Uste dute nota hobea atera zuen ikaskideari kopiatuta, gainditu ahalko dutela. Baina erratuta daude”, ohartarazi du jeltzaleen buruak. “Gainditzeko”, azpimarratu du, “ez du balio ez kopiatzeak ezta txuletak egiteak ere. Ikasi egin behar da. Oinarri sendoak izan behar dira. Eredu kontrastatua. Nortasun ezaguna eta konpromisoa sendoa. Horra hor gure ezberdintasuna, ‘EAJ eredua’. Eneko Goia eta Markel Olanoren eredua. Donostia eta Gipuzkoa lau urtetan bizi izan zuten iskanbila eta gatazka girotik atera zituena. Gipuzkoa osoa normaltasunera itzuli duen eredua, lan zentzuzko eta lasaira eraman duena, baikortasunera. Inbertsioak erakartzera eta egitasmoak garatzera. Denok batera eusteko ahaleginera eraman ditu, arazo horiek denon artean gainditzeko. Gipuzkoak eta Donostiak berriz ere gailentzea lortu dute. Horra hor ‘EAJ eredua’, Joseba Agirretxea eta María Eugenia Iparragirreren eredua”, baieztatu du.

“Herri honen eskubideak defenditzen ditugu, demokratikoak direlako eta herri propio bat eraiki nahi dugulako”, nabarmendu du Kongresurako EAJko zerrenda buruak. Ildo horretan gaineratu du, Madrilen, “oraingoan ere, daukagunaren defensa eta dagokigunaren aldarrikapena”, EAJ bakarrik egingo duela. “Horrenbeste itxura egite, pertsonalismo, eta egozentrismoren artean”, euskaldunok “eredu propio bat daukagu eta ez gabiltza haizeak nondik ematen duenaren arabera”, esan du Agirretxeak. “Gu Euskadiri begira gaude”, azaldu du, “Espainian ez bezala, guk Euskadin beti jakin izan dugu, herriaren on-beharrez hitzarmenetara iristen, kultura demokratiko sendo bat dugulako”. “Guk egia esaten dugu eta herri honetan sinesten dugu” azpimarratu ondoren, Agirretxeak ziurtatu du EAJk “lanean” jarraituko duela “Pasaiako portuaren errejenerazioaren alde, Renfek herrietan egin beharreko konponketa eta berrikuntzen jarraipena eginaz, Eibarren NAN bulegoa ezartzea lortzen, besteak beste; hau da, Gipuzkoaren, Euskadiren eta herri honen alde”.

Senaturako hautagai jeltzaleak, Mª Eugenia Iparragirrek, idei horri buruz hitz egin du. “Horrexegatik dira garrantzitsuak hauteskunde hauek”, ohartarazi du, “euskaldunok ez dugulako Espainiako Gobernuko presidentea aukeratuko, Madrilen gure ordezkariak nortzuk izango diren aukeratuko baitugu; eta badaude diputatu eta senatariak, euskaldunak izan arren, euren alderdiak agindutakoari men eginez bozkatzen dutenak, nahiz eta Euskadin bozkatu dietenen kalterako erabakiak izan”. “Eta horixe da diferentzia; guk, EAJren gizon eta emakumeok Euskadiren interesak defendatzen ditugula, guretzat Lehenik Euskadi delako, eta baita bigarrenik, eta hirugarrenik”, bukatu du.

Interesatu Zaitez