Ortuzar: “Legardaren testuan Autogobernu Lantaldean adostutako oinarriak jasotzen dira eta beste ezeinek baino hobeto uztartzen ditu legezkotasun printzipioa eta printzipio demokratikoa: EAJ-PNVk testu horretan aitortzen du bere burua”

“Bertan, Euskadiren nazio-nortasuna agertzen da; Espainiako Estatuarekiko aldebiko harremana jasota dago; Ekonomia Itunaren batzorde bat sortzea planteatzen da,baita kontsulta gaitzailea eta erabaki eskubidea baliatzea ere, aldez aurretik Estatuarekin ituna eginda”, baieztatu du EBBko buruak

Ortuzar: “Legardaren testuan Autogobernu Lantaldean adostutako oinarriak jasotzen dira eta beste ezeinek baino hobeto uztartzen ditu legezkotasun printzipioa eta printzipio demokratikoa: EAJ-PNVk testu horretan aitortzen du bere burua” 03Abendua 03 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian. 

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak prentsaurrekoa eskaini du gaur Sabin Etxean, Autogobernu Lantaldearen aginduz EAJ-PNVk eta EH Bilduk indarrean dagoen Estatutua aldaraztera begira adostu zituzten oinarriak zabaltzeko ataza jaso zuten bost adituek aurkeztu dituzten agiriak baloratzeko. Ortuzar hedabideen aurrean agertu da Eusko Legebiltzarreko Letratu Nagusiak Legebiltzarreko Mahaiko kideei Mikel Legardak, Iñigo urrutiak, Arantza Elizondok, Alberto López Basagurenek eta Jaime Ignacio del Burgok idatzi dituzten agiriak eman eta minutu batzuk geroago. Horrela eginez, buruzagi abertzaleak eta zuzentzen duen alderdiak azken momenturaino errespetatu eta bete dute esandako adituen lanarekin hitzemandako konfidentzialtasuna. Ortuzarrek bere esker ona adierazi die guztiei, eta oso bereziki EAJ-PNVk aukeratu zuen Mikel Legardari, “adostasunak bilatzeko lanari konpromiso osoz heldu diolako”.

EBBko presidenteak argi eta garbi utzi nahi izan du EAJ-PNVk bere burua Legardaren testuan aitortzen duela, EH Bildurekin adostu ziren oinarriak errespetatzen dituelako eta beste ezeinek baino hobeto uztartzen dituelako legezkotasun printzipioa eta printzipioa demokratikoa, Bilduk izendatutako adituek ez dute legezkotasun printzipioa aintzat hartu eta PPk izendatutakoak ez du printzipio demokratikoa kontuan izan. “Legardaren testuak Autogobernu Lantaldeak ezarritako oinarri politikoak jasotzen ditu eta egokiro uztartzen dira legezkotasun printzipioa eta printzipio demokratikoa, Lantaldeak hasieratik ezarri zuen prozesu osoaren giltzarri gisa .Era berean antzematen da Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarriaren eta Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarri Bakarraren interpretazio positiboa egiten dela, proposamen horien guzien oinarri juridikoaren bermatzaile gisa. EAJk, beraz, bere burua aitortzen du testu honetan. Bertan Euskadiren nazio-nortasuna agertzen da; Espainiako Estatuarekiko aldebiko harremana jasota dago; Ekonomia Itunaren Batzorde bat sortzea planteatzen da, Ekonomia Itunaren esparruan gure eskuduntzak bermatzeko dagoenaren antzekoa; Eusko Legebiltzarraren gehiengo batek adostutako testua Gorte Nagusietara bidali baino lehenagoko kontsulta gaitzailea ere dago; eta erabaki eskubidea ere hor dago; eta guk erabaki eskubide hori baliatzea proposatzen dugu aldez aurretik estatuarekin ituna eginda”, baieztatu du jeltzaleen buruak.

Andoni Ortuzarrek ondorengoa esan du:

Egun on! Eskerrik asko gure deialdiari erantzuteagatik. Gaurko prentsaurrekoa deitu dugu  Autogobernu Lantaldean egiten ari diren lanei buruzko lehen balorazio bat egiteko, adituek beren lana amaitu ondoren. Dakizuenez, aditu hauei 2018ko irailean eskatu zitzaien ondorengo lan hau egitea: “Indarrean dagoen Autonomia Estatutua Aldarazteko lege Proposamenaren lehen artikuludun testua idaztea”.

Une honetan eta, lehenengo eta behin,  guztiek egin duten lana balioetsi nahi dut eta guztiei eskertu nahi  diet  beren lana eta beren dedikazioa.  Ikuspuntu ezberdinetatik eta  bakoitzak bere  pentsamendu politikoarekin,  Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantza Elizondok, Alberto López Basagurenek eta Jaime Ignacio Del Burgok  agiri ezberdinetan proposamen juridiko bat  jaso dute, alde batetik, Euskadirentzako autogobernu estatus berri bat lortzeko eta, beste alde batetik, lanen lehen fase batean alderdi ezberdinetako ordezkariek Lantaldearen Oinarri Politikoetan adostu genituen adostasun puntuak zabaltzeko. Gaur, jarrera guztiekiko errespetua adierazi nahi dut, horietako batzuekin, logikoa denez, distantzia ukaezina daukagun arren.

Gure ustez, oro har, adituen batzordeak egokiro bete du Lantaldeak eman zion enkargua, eta honela dio: "Adostutako oinarriak errespetatuz eta babestuz, horien eta aurkeztutako boto partikularren arteko lotuneak  bilatuko dira, ahal izanez gero, lehenago lortu ziren adostasunak zabaltzeko".

Lanetatik hiru dokumentu desberdin atera dira. Lehenengoa, hainbat ekarpenekin, hainbat boto partikularrekin eta zenbait desadostasunekin, Legarda, Elizondo eta López Basagurenen artean  akordio nabarmena lortu duena  maila kuantitatiboan zein kualitatiboan. Eta bigarrena eta hirugarrena  Urrutiak eta Del Burgok sinatutako agiri bana, hurrenez hurren.  Zentzu honetan, aipamen berezi bat egin nahi dut eta bereziki eskertu nahi diot Mikel Legardari,  oso zorrotza izan delako konfidentzialtasun kontuekin eta konpromiso handia  erakutsi duelako, ez baita bat ere erraza izan  adostasunak lortzea. Dokumentu  nagusiaren  % 80 baino gehiago adostuta dago. Aurkeztu dituzten 146 artikuluetatik 118k aho bateko adostasuna jaso dute hiruren artean; beste 28tan, ordea, aldeak daude, batzuk sakonak – ez dago ukatu beharrik – eta beste batzuk partzialagoak edo sintaktikoagoak dira. Urrutia adituarekin eta herritarren oinarrizko eskubideekin zerikusia duten esparru  garrantzitsuen inguruan aurkeztu duen testuarekin ere badaude kointzidentzia argi eta esanguratsuak. Gernikako Estatutuak 47 artikulu ditu eta testu berriak  146 artikulu izango lituzke. Aurrerapauso nabarmena da gure autogobernuaren kantitatean eta kalitatean, baldin eta  jasotako proposamenek ,azkenean, akordio politikoa lortzen badute eta lege  batean jasotzen badira.

EAJren ustez, Mikel Legardak defendatutako testuan, bai adostutako zatietan, bai egindako boto partikularretan, Autogobernu Lantaldetik ateratako oinarri politikoak jasotzen dira, eta legezkotasun-printzipioa eta printzipio demokratikoa uztartzen dira Lantaldeak hasieratik ezarri zuen prozesu osoaren giltzarri gisa. Era berean, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriaren eta Gernikako Estatutuaren azken xedapenaren interpretazio positiboa egin da, proposamen horien guztien oinarri juridikoaren bermatzaile gisa. EAJk, beraz, bere burua aitortzen du testu honetan. Bertan, Euskadiren nazio-nortasuna agertzen da; Espainiako Estatuarekiko aldebiko harremana jasota dago; Ekonomia Itunaren Batzorde bat sortzea planteatzen da, Ekonomia Itunaren esparruan  gure eskuduntzak bermatzeko dagoenaren antzekoa; Eusko Legebiltzarraren gehiengo batek  adostutako testua Gorte Nagusietara bidali baino lehenagoko  kontsulta gaitzailea ere  dago;  erabaki eskubidea ere hor dago, EAJren ADNan dagoen zerbait; eta guk erabaki eskubide hori baliatzea proposatzen dugu aldez aurretik Estatuarekin  ituna eginda.

Desadostasunak daude. Jakina daudela. Badira desadostasunak bost adituen artean, baina badira  oinarrizko testu bat adosteko gai izan diren hiru adituen artean ere,  eta kontrako botoak edo boto partikularrak eman dituzte. Eta, desadostasunak daude, erkidego honek urteak eta hamarkadak daramatzalako oinarri politikoa duten arazo batzuk arrastaka eramaten, eta arazo horiek dira, hain zuzen ere, gainditu nahi ditugunak, akordioaren bidez. Horretarako sortu zen Autogobernu Lantaldea, Euskadirentzat estatus berri bat sortzen lagundu behar duena. Alde horretatik, alderdi politikook zintzotasunez jokatu behar dugu, eta publikoki aitortu behar dugu adituei ezin diegula eskatu  ezberdintasun horien aurrean ezikusiarena egin dezatela edo hain urrunetik datozen ezbaiak berehala konpon ditzatela. Alderantziz. Txalotu egin nahi dut desadostasun horiek antzemateko eta lokalizatzeko  egin duten ahalegina  eta idazkera alternatiboak proposatzeko egin duten esfortzua. Nahikoa lortu dute, hori egia da, eta erredakzio berri horiek eta adostasun berri horiek lana erraztuko diete alderdi politikoei orain irekiko den fasean, Autogobernu Lantaldeak erabakiko duen  denboran eta moduan.

Bost adituek dagoeneko egin dute beren lana, eta Eusko Legebiltzarrean utzi dute. Pilota alderdi politikoen teilatura itzuliko da orain, hain zuzen ere Autogobernu Lantaldera. EAJren aldetik gogoeta-aldi bat irekitzea proposatzen dugu, adituek ekarritako dokumentuak sakonki aztertzeko eta, hala badagokio, Estatus Berrirako proposamen baten idazketa formala atera dezagun, Legebiltzarrean izapidetzeko. Autogobernu Lantaldean akordio zabalago bat lortzeko gai  ote garen ikusteko denbora izango da.  Baita eztabaida politikoan beste erreforma batzuk sartzeko ere, dela Espainiako Konstituzioarena, dela beste lege batzuena, euskal herritarrei beren autogobernua hobeto bermatzeko, beren borondate demokratikoan oinarrituta eta Herri gisa dagozkien Eskubide Historikoen arabera. Fase berri honetara sartuko gara gure jarrerarik onenarekin eta ahalik eta adostasunik handiena lortzeko erabaki irmoarekin.

 

Interesatu Zaitez