Bizkaian, Alonsotegiko Aldana tabernaren atentatuaren 40.urteurrena beteko delarik, “azalpen argi eta irmoa” eskatu dio Euskal Taldeak Estatuari

Idatziz planteatu den galderaren bidez, Aitor Estebanek Poliziaren eta Espainiako gobernuaren “erabateko isiltasuna” salatu du, eta berriz ere eskatu du gertatutakoari buruzko informazioa

Bizkaian, Alonsotegiko Aldana tabernaren atentatuaren 40.urteurrena beteko delarik, “azalpen argi eta irmoa” eskatu dio Euskal Taldeak Estatuari 17Urtarrilak
2020
2020 UrtarrilaK 17 |
Kongresua

PARTEKATU

Euskal Taldeak ez dio uko egin nahi 1980ko urtarrilaren 20an Bizkaian, Alonsotegiko Aldana tabernan gertatu zena zehatz-mehatz ezagutzeari, eta lau pertsonaren bizia eraman zuen eta hamar pertsonarengan askotariko zauriak eragin zituen atentatuaren 40. urteurrena bete delarik, galdera bat aurkeztu du, idatzizko erantzuna jasotzeko,eta Estatuko erakundeei eta hain zuzen Barne Ministerioari eskatu dio egun hartan gertatutakoari buruzko informazioa ematea. “40 urte geroago, oraindik ez da argitu atentatuaren egilea nor izan zen eta demokratikotzat jotzen den Estatuak ez luke halakorik onartu behar”, baieztatu du Aitor Estebanek Diputatuen Kongresuko bozeramaile jeltzaleak.

Erregistratu den idazkian, Euskal Taldeko bozeramaileak gogora ekarri du Bizkaiko Gobernu Zibilak eta Poliziaren orduko zuzendari nagusiak ohar publiko batean jakinarazi zutela “poliziaren aldetik behar besteko neurri eta terrorismoaren kontrako neurri guztiak” hartuko zituztela “erakunde demokratikoak babesteko eta pertsona errugabeen kontra indarkeria nahita erabiltzen duten eraileak isolatzeko” ; bertan ere gaineratu zen igande hartakoa moduko erasoen xedea zela “konstituzioaren garapen ona eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bakean egitea eragoztea”.

Erregistratu berri den galderan baieztatu denez “Espainiako indar polizialei eta Espainiako gobernuari zegokien atentatu hori ikertzea” baina salatzen denez “biktimei edo agintariei sekula ere ez zitzaien jakinarazi zer gertatu zen eta gertakizuna argitzeko zer egin zen”.

Horregatik guztiagatik eta eraso honen 40. urteurrena bete delarik, azken legealdi hauetan askotariko idatzizko galderak, txosten eskariak eta kontrol galderak egin ondoren eta eskari horiek guztiek erantzunik edo argibiderik jaso ez dutela aintzat hartuta, Euskal Taldeak berriz ere eskatu du “Estatuko erakundeen aldetik gertatu zena argitzea eta azalpen argi eta irmoa ematea”.

Euskal Taldeak era berean jakinarazi du urtarrilaren 20an,astelehena, Aitor Esteban eta EAJ-PNVko beste hainbat ordezkari izango direla Alonsotegiko udalak antolatuta Aldana Tabernaren kontra egin zen atentatuaren 40. urteurrena gogoratzeko egingo den ekitaldian.

Interesatu Zaitez