Erkorekak adierazi du Euskadin dagoen akordioak egiteko kulturak Espainiako ziurgabetasun egoeratik “bereiziko gaituela”

EAEko hauteskundeetan EAJ-PNV alderdiaren Bizkaiko zerrendaburua denak ohartarazi du PP eta Ciudadanos alderdien gobernua “mehatxu oso larria” izan daitekeela EAEren autogobernurako.

Erkorekak adierazi du Euskadin dagoen akordioak egiteko kulturak Espainiako ziurgabetasun egoeratik “bereiziko gaituela” 23Abuztua 23 |
Berria
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta EAEko hauteskundeetan EAJ-PNVren Bizkaiko zerrendaburua den Josu Erkorekak baztertu egin du gaur egun Espainian bizi den ziurgabetasun eta nahasmendu egoera EAEko politikan gertatuko denik irailaren 25eko (25-S) EAEko hauteskundeen ostean. Eta ez da horrelakorik gertatuko Euskadik akordioak egiten “praktika” duelako, “Espainiako estatuak ez duena”, eta horri esker presidente berriaren inbestidurari lotuta “gertatzen ari den dinamika benetan negatibotik bereiziko gara”. Erkorekak esan du Espainiak gaur egun duen blokeoaren “eragile nagusiak PP alderdia eta Mariano Rajoy direla”, eta hauteskunde orokorrak hirugarren aldiz egin behar badira horrek “oso txarto utziko duela Estatua nazioartean".

Onda Vascan egindako elkarrizketan Erkorekak ohartarazi du PP eta Ciudadanos alderdien gobernua "mehatxu oso larria" izan daitekeela EAEren autogobernurako. Hautagai jeltzaleak gogoratu du PP alderdiaren “ibilbidea argia dela: ez du sinesten autonomiez osatutako Estatu batean, are gehiago, modu aktiboan egiten du eredu horren kontra, desagertu dadin eta funtsezko nortasun-adierazpenak gal daitezen”. Gainera, Euskadiri dagokionez, “EAEren autonomia bereziaren oinarrizko alderdiak baliogabetzera berariaz bideratuta egon diren” neurriak hartu ditu batzuetan. Ondoren zera ohartarazi du: “Bada, pentsatu zer gerta daitekeen dinamika horretan Ciudadanos alderdia sartzen bada, kontuan izanik alderdi horren obsesio nagusietako bat Ituna eta EAEren autogobernu bereziari zuzenean lotuta dauden beste alderdi batzuk kentzea dela”.

Arnaldo Otegiren hautagaitzak izan dezakeen emaitzari buruz galdetzean Erkorekak erantzun du ezker abertzaleak “badakiela hori auzitegien esku dagoela bakarrik. Haiek utzi dute kontua auzitegien esku”; beraz, “orain auzitegien epaia itxaron beharko da”. Erkorekaren esanetan: “Argi dago ezker abertzaleak horrela planifikatu zuela bere aurrekanpaina”.  Erkorekak berriz adierazi du Gobernuak eta horren alderdiak ‘Bateragune auzian’ izan duten jarrera “oso argia izan dela” eta “beti egon gara horren kontra”.

 

Interesatu Zaitez