EAJ-PNVk PPri leporatu dio "mendeku goseak" gidatzen duela "eskola jantokien batzordean botoa aldatzean eta Ezker Abertzalearekin bat egitean"

"PP eta EH Bildu elkarri mokoka ari dira jendaurrean baina bat egiten dute beti Jaurlaritzaren eta EAJren kontra egin nahi dutenean", salatu du David Latxaga jeltzaleak

EAJ-PNVk PPri leporatu dio 24Ekaina 24 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos legebiltzar taldeak PPri leporatu dio politikagintzan mendeku goseak gidatzen duela, hilabete eskas baten buruan bere irizpideak aldatu dituelako eskola jantokien gaia ikertzeko Batzordean. David Latxaga legebiltzarkidea horrela mintzatu da popularrek eskola publikoetako jantokien kartela ikertzeko batzordean egin duten ziabogaz; EAJ-PNVrekin eta PSE-EErekin ondorioen idazkia adostetik eta izenpea “in extremis” erretiratzetik igaro baita azken asteotan bere irizpideak gogortzera eta EH Bilduren posizioetara hurbiltzera. “Mendeku  eta errebantxa gosea eta gorrotoa izan dira popularren jokaera politikoaren motore nagusiak. Uler dezakegu suminduta egotea,baina Errioxako alkatetzak galdu izana ezin dute horrela kobratu”, esan du Latxagak, “ez delako ez bidezkoa ezta zentzuduna ere”. Ordezkari jeltzaleak PPren jokaera kritikatu du bazter batean utzi dituelako Batzordeak orain arte eginiko lana eta analisiak eta beren  ordezkariek, Juana Bengoetxeak eta Borja Semperrek, eginiko eta adostutako ondorioak; eta orain diskurtsoa gogortzea. “Hori soilik uler daiteke PPk ikerketa prozesuaren edukiak bazter batean utzi dituelako eta ikerketaz besteko kontuei begiratu baino ez dielako. PP ez da interes orokorrean pentsatzen ari,ezta kontratazio publikoetan edo jantokien kudeaketan ere; PPk soilik pentsatzen du EAJ nola zigortuko  ote duen eta traizio eta iraintzat jotzen duen hori nola kobratuko ote duen, gertatu dena gehiengoen indarragatik izan den arren”. Latxagaren aburuz, Juana Bengoetxeak egin zuen diagnosiak eta Eusko Jaurlaritzari babesa ematen dioten bi taldeekin adostu zuen akordioak ez du balio une honetan bilatzen dituzten helburuak lortzeko, eta horregatik “Batzordetik kanpo dauden eta bertan lan egin zuten pertsonen ezagutza ez dutenek, kasualitatez edo ez, Bilduren ondorio berberak atera dituzte”. Ikusitakoaren harira, gaineratu du, ez zen ikerketa batzorderik behar izango “han esan den ezer ez delako aintzat hartua izan”.

EH BILDUK ETA  PPK ELKAR ELIKATZEN DUTE  

EAJri eta Eusko Jaurlaritzari eraso egiteko estrategia horren barruan, Latxagak uste du EH Bildu eta PP elkar behar dutela eta elkar elikatzen dutela: “Etsai politikoak dira baina ez dute arazorik bat egiteko eta Jaurlaritzari kontra egiteko orduan. Elkarren kontra ari dira, iritzi publikoaren aurrean elkarri betoa jartzen diote eta auzitan jartzen dituzte gu bezala  inori marra gorririk jartzen ez diotenak, baina ez dute zalantzarik interesatzen zaienean eskutik joan behar badute. Zinismo politiko horrek eragiten du EH Bilduren botoak Nafarroan kutsakor jotzea baina Euskadin bat egiteko balio izatea”, adierazi du legebiltzarkide jeltzaleak.

EH BILDUREN KALKULU POLITIKOA

Batzordeko presidente andreak, EH Bilduko ordezkari Larraitz Ugartek,  batzordea biharko deitu du ondorioen txostena onesteko. Jeltzaleek ez dute erabaki horren aurrean ezikusiarena egin nahi izan Ugartek orain arte eman dituen urrats guztiek kalkulu politiko bati erantzuten diotelako. “Ezer ez da kasuala Larraitz Ugarte presidente andrearen jokaeran: martxoaren amaieran, hauteskunde orokorretarako  kanpainan, ondorioak filtratu zituen. Batzordea maiatzaren 6rako deitu zuen,hau da, foru, udal eta Europako Hauteskundeetarako Kanpainaren atarian. Erabakiaren bozketa atzeratu zuen lanak ondoriorik gabe geratu ahal zirela antzeman zuelako. Eta orain, berriz ere, Batzordea deitu du bilkura saio honen azken astean, urrira arte osoko bilkurara eramango ez dela jakinik. Ez gaitezen engainuan erori. Denak erantzuten dio ondo neurtutako estrategia bati”. PP haserre dagoela ikusi duenean, aukera aprobetxatu du bere  posizioetara erakartzeko eta behar besteko gehiengoa dagoela bermatzeko”.

SINESGARRITASUNIK EZA

Ikerketa Batzordean gauzak nola gertatu diren eta oposizioaren jarrera ikusita, ez zen beharrezkoa izango, esan dute jeltzaleek. “Itxurakeria hutsa izan da dena. Antzezpena egin dute agerraldiak eta agiriak zorroztasun eta seriotasunez aztertzen ari zirela  erakusteko, dena aldez aurretik erabakita zegoen arren. Baina ikertu diren gertakari horiek epaitegian egiaztatu dira jadanik, ez dago adostasunik administrazioaren eta zigortu diren enpresen artean”. Latxagak gogora ekarri du EAEko Auzitegi Nagusiak berrikitan eman duen epaia (2017an eginiko salaketari erantzunez), iragan legealdian Urkulluren Jaurlaritzaren jokaera abalatzen duena; lehiakortasun kultura berriaren araberako jokaera,hain zuzen.

Interesatu Zaitez