Gure buruKIDEAK

2017/06/18

EBBren burukide den María Eugenia Arrizabalagari elkarrizketa

María Eugenia Arrizabalaga: “Abertzale izanda, politikan aritzeak dakar politika garbia egin behar izatea eta jakinik Herrigintza ezinezkoa dela herria osatzen duten pertsonak kontuan hartu gabe”

María Eugenia Arrizabalaga, Euzkadi Buru Batzarrean Lurraldearen Antolamendu, Garraio eta Garapen Jasangarri gaietarako burukide arduradunak argi baino argiago ikusten ditu EAJ-PNVk hiritarren aldetik jaso duen babesa ulertzeko arrazoiak, oposizioak desgastatzeko ariketa etengabea egiten duen arren. “Abertzale izanda, politikan aritzeak dakar politika ona egin behar izatea, politika garbia, eta jakinik ezin dela Herrigintza egin herria osatzen duten pertsonak kontuan hartu gabe. Formula hori da, oraindik ere, EAJ-PNVren arrakastaren oinarria. Ideala eta errealismo politikoa uztartzen dituen formula da: esku batean, ideal abertzalearen palanka, eta bestean, errealitatearena, biak baturik eta tenkaturik herri hau aurrera ateratzeko, begirada hurbilarekin Euskadiri begiratuz eta bestearekin, ikuspegi zabalagoarekin, gure inguruan dagoenari aditzeko”.

EAJ-PNVren webguneari eskaini dion elkarrizketan, Arrizabalagak argi bezain sendo erantzun dio Ezker Abertzalearen aldetik EAJren kontra egin den salaketari, zeinen bidez “alderdi abertzale izateari utzi izana” aurpegiratu zaion, Gobernu zentralarekin aurrekontuei buruzko akordioa adostu duelako. “Ezker Abertzaleak eginiko salaketak ez dauka ez hankarik ez bururik: EAJk betidanik bilatu du Madrilen Euskadiren interesak aldezteko aukeraren bat. Batzuetan lortu dut, eta esango nuke hori gertatu dela unean uneko Gobernua gutxiengo egoeran egon denean eta gure botoak behar izan dituenean. Hori denek dakite Euskadin eta hortik dator akordioaren edukia gizartearen gehiengo handi batek onetsi izana” erantzun du.

Arrizabalagak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan talde jeltzalearen bozeramaileak, Herrialde osoan esparru politikoan, ekonomikoan eta sozialean ezagutu den aldaketa handia azpimarratu du duela bi urte EAJ-PNVk eta Markel Olanok Foru Aldundiaren gidaritza hartu zutenetik. “Aldaketa agerikoa da politiken eraginkortasunari dagokionez zein Herrialdeko hiritargoari erakutsi zaion errespetu aldetik.Bilduk bertan behera utzi zituen proiektuak bideratuta daude edo exekuzio bidean, besteak beste Antzuola eta Bergara arteko autobidea, erraustegia eta TMB eta Etxegarateko ordainlekuak eta Pasaiako badiaren birgaikuntza” baieztatu du.

rss Ezagutzera eman

EAJ-PNVk Gobernu zentralarekin adostu duen akordioak, azken inkesten arabera euskal hiritargoak ondo hartu duenak, Ezker Abertzaleko bozeramaile batzuen ustetan agerian uzten du EAJk alderdi abertzale izateari utzi diola. Zer uste duzu zuk? Halako salaketek mintzen zaituzte?

Aurreko astean,hain zuzen, gai horretaz eztabaidatu genuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan: EH Bilduk ekimen bat aurkeztu zuen Estatuko Aurrekontu Orokorrak gaitzesteko. Hitz egiteko izan nuen tartean gogoratu nien 78 urtetik hona, ia ia urtero, Estatuan aurrekontuak egin direla eta Ezker Abertzaleak sekula ere ez duela bakar bat ere gaitzesteko beharrizanik sentitu. PPk bere gehiengo osoarekin aurreko legealdian bere aurrekontuak onartu zituenean ere ez. Zalantzarik gabe, aurreko urtekoak ez ziren azken hau baino aurrekontu “sozialagoak” izan, eta PP alderdia gaur ez da lehen baino ustelagoa. Beraz, Ezker Abertzaleari orain “aurrekontuak gaitzesteko sortu zaion grina” ez dator eman duten argudiotik baizik eta esparru abertzalean hegemonia bereganatzeko kontakizuna ezartzeko duten asmotik, eta hori bai dela betiko kontu bat, EAJri eraso egiteko helburuarekin egiten dena. Gertatzen dena da aurkari politikoa suntsitzeko duten beharrizan horrek diskurtso espainiarretan sarrarazten dituela eta ematen du konturatu ere ez direla egiten. Nagusitasuna bereganatzeko epe laburrera begira egiten duten borroka horretan, dena balio du, antza denez. Ezker Abertzalearen salaketak ez dauka inolako zentzurik: EAJk betidanik bilatu du Madrilen leku bat izatea bertan Euskadiren interesak defendatzeko. Batzuetan baliatzea lortzen du, nik esango nuke hori gertatzen dela dagoen gobernua gutxiengo egoeran dagoenean eta gure botoak behar dituenean. Hori denek dakite Euskadin eta horregatik gertatu da akordioa gehiengo batek onestea. Ni EAJkoa naiz abertzalea naizelako eta abertzalea naiz euskalduna naizelako. Are gehiago: abertzalea naizelako ez dut itxaropena galtzen eta egunen batean Ezker Abertzalea konturatuko da Euskadiren emantzipazio nazionalerako proiektu politikorako bidean ez dagoela lekurik borroka hegemonikoarentzat edo ereduen arteko borrokarentzat, proiektu hori talde abertzale ezberdinen artean partekatutako oinarrien gainean bideratu beharko delako.

EAJ-PNVren eta Gobernu Zentralaren artean lortutako akordio horrek aurrekontuen inguruko ziurtasuna ematen du eta kronograma bat planteatzen du ATHren lanak burutzeko. Akordio honek zer onura ekarriko ditu hiritargoarentzat? Azpiegitura hau errealitate izango ote da 2023an?

Argi dago kupoaren kitapenak, akordioa lortzerik egon ez den hamar urteren buruan, eta euskal erakundeek ezarritako zenbakien arabera egin izanak nolabaiteko ziurtasuna ematen dutela. Zentzu honetan bai gaineratu nahiko nuke ez dudala egoki jotzen batzuk orain akordioetara iristeko borondatea azpimarratuaz egiten duten diskurtsoa, PPk, jakina, baina baita PSOEk ere, argi eta garbi geratu delako batzuek eta besteek ustezko “borondate” hori bakarrik erakusten dutela beharrizan larrian daudenean. Baina hori da dagoena. Aurrekontuei buruz lortu diren akordioak zabalak dira eta espero dut neurri handi batean gauzatzea, baina egia ere bada aurrekoetan ere Espainia izenpetutakoaz ahaztu dela. ATHri dagokionez, espero dut baietz, oraingo hau behin betikoa izatea. Adostutakoan zehaztu denak hala izango dela pentsarazten digu. Eta, nik behintzat, hala izan behar duela uste dut. Ezin gara amaierarik gabeko eztabaida politikoan geratu: abiadura handiko trenak gure artean konektatuko gaitu eta era eraginkor eta jasangarrian egingo du,gainera, garraio pribatuan edo hegazkinean baino era jasangarriagoan, hain zuzen,merkantziak garraiatzeko orduan hobetzeko ekarriko dituen aukerak eta, Jundiz eta Lezoko plataforma logistikoen bidez eta hegoaldeko trenbide saihesbidearen bidez portuekin lotzeko aukera emango duela ahaztu gabe.

Zubietako erraustegiko lanak hasi dira jada, EH Bilduk gobernuan zegoenean eta orain oposizioan dagoela jarri dituen oztopoen gainetik. Uste al duzu Ezker Abertzaleak arrakasta izan duela Gipuzkoako hiritargoa nahasteko eta engainatzeko helburuarekin ere EAJ desgastatzeko eraman duen bidean? Uste al duzu amore emango duela ala desgastatzeko estrategiari ekingo diola?

Europa mailan, zaborren kudeaketan, sentsibilitate anbientalik handiena duten herrialdeetan daramaten sistema Gipuzkoan aplikatzea baino ez dugu bilatu, hau da, Alemania, Austria edo Norvegiako eredua. Hala ere, badaude pentsatzen dutenak joko politikoan onargarria dela manipulazioa erabiltzea alarma soziala eragiteko; jarrera horrek argi eta garbi erakusten du errespetu gutxi dietela egiari eta pertsonei, eta gainera, agerian geratzen da ezkortasuna hedatzean eta aurkari politikoa desgastatzean oinarritutako kultura politikoa. Foru Gobernutik irtendakoan Bilduk utzi duen panorama negargarria da: azpiegitura bakar bat ere ez eta zor asko. Uste dut jendea egoeraz jabetuta dagoela eta ezin dugula horrela jarraitu, eta uste dut gipuzkoarren gehiengo handi bat aspertuta dagoela zaborren kontura eman den gatazka horrekin. Hori bai dela politika toxikoa. Beraz, oso zuzena iruditzen zait Aldundiak lantegia albait arinen egiteko hartu duen erabakia- ez da amaituta egongo 2019ko amaierara arte-. Harrigarria da Europan horrenbesteko normaltasunez hartzen den gauza bat (Alemanian 99 daude, Suitzan 30 eta Suedian 33) hemen horrenbeste denbora, horrenbeste diru eta horrenbeste pazientzia galtzera eramatea. Eta kontuz ibiltzen ez badira, “gerra politiko” partikular hori zaborraren gaian fokalizatzen jarraitzen badute… desgastea eurek pairatuko dute.

Foru eta udal legealdiaren amaiera bete da. Gipuzkoako Foru Aldundian eta Donostiako Udalean EAJ-PNVk EH Bilduri irabazi zion. Uste al duzu gipuzkoarrak aldaketaz ohartu direla?

Uste dut aldaketa agerikoa izan dela hasiera hasieratik. Esango nuke aldaketa bi mailatan eman dela. Bata da Bildurekin bertan behera geratu ziren proiektuen planifikazio eta betearazpenari dagokiona, eta horiek bideratuta daude edo exekuzio bidean (Antzuola eta Bergara arteko autobidea, erraustegia eta TMB, Etxegarateko ordainlekuak, eta abar), eta beste maila batean daude harremanak, jarrerak, gobernatzeko moldeak, herritargoari erakusten zaion errespetua. Bildurentzat “herritarren parte hartzea“ zen batez ere “etxekoekin parte hartzea” edo, esate baterako, ez zituzten sustapen ekonomikoa garatzeko politikak aurreikusten enpresekin mesfidati egotera eramaten zuten aurreiritzi ideologiko bategatik; edo zerga-politika diziplina eta diru-bilketarako tresna jotzen zuten. Beraz, bai, uste dut aldaketa nabaritu dela, politiken eraginkortasunari dagokionez eta Herrialdeko herritargoari eman zaion errespetuari dagokionez.

Etorkizuna Eraikiz, Markel Olanok bi urte daramatza lanean Gipuzkoak gatazkak markatu duen EH Bilduren lau urtekoa atzean utz dezan eta bere berezko nortasun ezaugarriak berreskura ditzan,hau da, Herrialde adeitsu,ekintzaile, erakargarri eta abegikor gisa. Nola ikusten duzu Ahaldun Nagusia lan horretan?

Markel Olanori gehien apreziatu diodan gauzetako bat izan da estrategikotzat jo duela Gipuzkoa Europa mailan desberdintasun gutxien dituen herrialde bihurtzea: desberdintasun maila txikiagoa gizartean, genero alorrean, hizkuntza alorrean. Edo, bestela esanda, Aldundiaren politiketan logika bat ezartzea Gipuzkoa eta gipuzkoarrak hazkunde ekonomikotik eta aurrerabide sozialetik eramateko, bazterketaren kontra eginez, emakume eta gizonen artean benetako berdintasuna sustatuz eta euskara dagokion lekuan jarriz, hau da, gutxienez gaztelaniaren pare. Uste dut Markel Olanok eta bere taldeak argi baino argiago dutela legealdi honetarako duten misioa, eta horixe betearazten ari direla: Sustapen Ekonomikorako Planetatik hasita eta aurten errekorra gainditu duten gizarte politiketara, 507 euro gipuzkoar bakoitzeko,hain zuzen; adiskidetze eta bizikidetza politiketatik hasita langileek enpresan parte hartzea sustatzen duen fiskalitateraino; errepideak mantentzeko lanak eta indarkeria matxistaren kontra dauden planak, eta abar. Baina, abian dauden proiektuez gain, “Etorkizuna Eraikiz” egitasmoaren bidez, Ahaldun Nagusia bere kabinetetik bertatik prospektiba ariketa bat lideratzen ari da, Gipuzkoako hainbat pertsonekin eta eragile eta erreferenteekin partekatuta, hain zuzen. Ariketa hori da Gipuzkoaren etorkizunak planteatzen dituen erronken gaineko hausnarketa bat, eredugarri jo daitezkeen esperientzia laborategiak erabiliz, esate baterako lana eta bizitza pertsonala uztartzeko gaietan, enpresa esparruan emakume eta gizonen berdintasun alorrean, zahartzera aplikatutako berrikuntza gaietan, eta abar. Oso interesgarri iruditzen zait eta ez da horren ohikoa erakunde bateko arduradun batek halako planteamendua egitea alde batetik premiazkoaren eta gaur egun beharrezko denaren eta,bestetik, eredu berriak diseinatzea behar duen etorkizunera begira oinarri berriak planteatzeko behar den hausnarketaren arteko jauzia egiteko. Eta, are interesgarriagoa da gizarte antolatuarekin lankidetzan eta haren “feedback”-arekin egiten bada.

EAJ-PNV da oposizioko alderdi guztiek desgastatu nahi duten marka. Baina, horren aurrean, agerian dago indartsu dagoela, udaletan, Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean. Nola lortzen da hori?

Seguruenik, faktoreak askotarikoak dira. Nik bat azpimarratuko nuke: bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua egin zuenetik aurrera bere erabaki estrategikoetan asmatu izana, hau da, Euskadiren eraikuntzaren alde eginez bertoko erakunde propioen bidez, eta gainera, abertzaleen nahia eta euskal nazioak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea hiritargo osoaren bizitza baldintzak hobetzearekin uztartuta. Esango nuke politika egiteak, abertzale izanda, derrigorrez dakarrela politika ona egiteko derrigorra, hau da, politika garbia eta jakinik Herrigintza ezin dela egin herria osatzen duten pertsonak kontuan izan Gabe. Hori da EAJ-PNVren arrakastaren formula. Ideala eta errealismo politikoa, hau da, esku batean dago ideal abertzalea eta beste eskuan dago errealitateari eragiteko palanka, biak herri hau aurrera ateratzeko borondatearilotuta, begirada hurbila hemen Euskadin eta bestea, ikuskera zabalagoarekin, gure inguruari begiratzeko. Une honetan eta etorkizunean, Catalunyari begira, eta catalunyar herriaren nahiarekin bat eginik. EAJk hori aldarrikatzen du Euskadirentzat, hau da, herri askea izan dadila, bere etorkizuna erabakitzeko askatasunarekin, eta Estatu independente izateko eskubidea izan dezala gehiengoak, euskal erakundeen eta gizartearen bitartez, hala erabakitzen badu. EAJk Euskadirentzat ere aldarrikatzen du etorkizuna askatasunez erabaki ahal izatea eta, gehiengoak hala erabakiko balu, Estatu independente izateko aukera ere bai. Demokraziaren legea da. “Erabakitzeko eskubideak banatu egiten du” edo “ezin da ezer eraiki gizartearen zati bat beste zatiaren kontra badago” esaten digutenean, automatikoki adierazpen horri ematen diodan erantzuna bururatzen zait: banatzen duena inposaketa da, eta gizartea bi zatik eta pertenentzia sentimendu bik zatitzen badute, onartu beharko dugu “statu quo”ari eusteak berez dakarrela izate edo pertenentzia baten kontra egiten dela. Urriaren batean catalunyar herria erreferendumean bozkatzera deituta dago. Demokrazia aldetik ezinbestekoa da catalunyar herriari bere iritzia ematen uztea, baina uste dut Rajoy eragozten saiatuko dela. Guk, irailean, estatus politiko berria bilatzeko lanari ekingo diogu berriz, Euskadirentzat jauzi kualitatiboa ekar dezan, hau da, estatuen proiektu konfederala. Gure ibilbide orria da, EAJrena, eta herriarekin egin nahi dugu, gizarte eragileekin. Denbora interesgarriak datozkigu bidean.

 

Profila

Maria Eugenia Arrizabalaga

Lurraldearen Antolamendu, Garraio eta Garapen Jasangarri gaietarako burukide arduradunak

María Eugenia Arrizabalaga Olaizola Zumaian jaio zen (Gipuzkoan) 1967 urtean. Zuzenbidean lizentziatua da eta 2016ko otsailetik da Euzkadi Buru Batzarrean Lurraldearen Antolamendu,Garraio eta Garapen Jasangarri gaietarako burukide arduraduna.

Politikarekiko harremana… betidanik datorkio. “Politikagintza betidanik interesatu izan zait gauza da. Abertzale sentitzen naiz eta EAJko kidea naiz. Nire inguru guztia betidanik izan da oso abertzalea. Behar bada, inguru hori osatzen duten pertsonak ez dira politikaren munduan sartuta ibili, baina politikaz asko eta asko hitz egin izan dugu eta biziki interesatu izan zaigu. “Hori bai, ni neu izan naiz horrenbeste inplikatu den lehena” esan du Arrizabalagak. “ 1995 urtean Zumaiako Uri Buru Batzarrak Udaleko zerrendetarako proposatu ninduen. Niretzat ohore handia izan zen. Baiezko erantzuna eman nuen eta ordutik aurrera esan dezaket politikari nire egun guztiak eman izan dizkiodala”. Hala da, 1995 urtetik aurrera, Maria Eugenia gelditu ere ez da egin. Zumaiako gobernu taldean Euskara, Kultura, Turismo eta Jaietarako zinegotzi lanetan zortzi urte eman ondoren, 2003 urtean kostako udalerri honetako alkate izendatu zuten “harro egoteko moduko gauza izan da niretzat”. 2011n hauteskundeak irabazi arren, Ezker Abertzaleak Eusko Alkartasunarekin bat egin zuen eta Maria Eugenia Iparragirre oposiziora igaro zen. Lau urte horien buruan, urte bete eta erdiz Antzuolako zinegotzi lanetan aritu zen. Aldi horretan ere Gipuzko Buru Batzarreko burukide bihurtu zen. Ardura horretan 8 urte eman zituen eta 2009 eta 2015 urte bitartean Gasteizko Ganberako legebiltzarkide ere izan zen. 2015 urtean ere, EAJ-PNVren garaipenarekin Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko presidentziara itzuli zenean, Arrizabalaga batzarkide eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Talde Jeltzaleko bozeramaile izendatu zuten. 2016 urteaz geroztik, EBBko burukideetako bat ere bada.

Ibarrekolandako bilbotar batekin dago ezkonduta eta libre geratzen zaizkion asteburu apurretan Arrizabalaga mendira joaten da eta, sasoia denean, zizatan joatea gustatzen zaio “bila joan bai, baina aurkitzea beste kontu bat da” esan du brometan. “Asko gozatzen dut inguruabar guztiek bat egiten dutenean eta autoa hartu eta bidai bat egiteko tartetxoa daukagunean. Baina gehien gozatzen ditudanak dira lagun artean egiten ditudan bazkari eta afariak, hori bai, benetako lagunekin egiten diren horiek, hizketaldiak eta kantuak eta kontuak goizaldeko ordu txikietan amaitzen diren horiek. Jateko ona eta lagun onak, horiek bai laguntzen dutela pilak kargatzen” esan du. Sukaldean ere gozatzen du “Tartetxoa ateratzen dudanean sukaldean saiatzen naiz. Gustuko dut esperimentatzea, batzuetan hobetutxoago irteten zait eta beste batzuetan apur bat okerxeago” esan du, behar bezala irten ez zitzaion jakiren bat gogoratzean. “Txipiroiak bai, horiek ondo irteten zaizkit, ia ia gure amari bezain ondo. Ez naiz bere mailara heldu baina bai, polito irteten zaizkit”.

Gehien hunkitu nauen liburua izan da ´Las benévolas´ Jonathan Littell-ena; “oso gomendagarria da” esan du.

María Eugenia oso aktiboa da Facebook-en, gizarte sare horretan partekatzen dituelako hausnarketak, eduki interesgarriak eta asmo eta gurariak. Gurariez hitz egiterakoan “duela urte asko, politikan sartu nintzeneko bat” ekartzen du gogora “gurari oinarrizkoa zen, nire sentimendu abertzalea sustatzea”. “Nazio garenon borondatea, beste nazioen pareko izateko eta izan nahi duguna izateko eskubidea dugunon nahi hori herrigintza lanarekin uztartzea, errealitatean oinarrituta eta eguneroko lanaren bidez”.

  • María Eugenia Arrizabalaga: EAj-PNV indartsu
    2017/06/18

  • María Eugenia Arrizabalaga: Gobernu zentralarekin akordioa
    2017/06/18

  • María Eugenia Arrizabalaga: Aldaketa Gipuzkoan
    2017/06/18

Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA

Andoniren Bideobloga

Elkarrizketak - Gure Burukideak
Aberri Eguna 2017
Alderdi Eguna
Jarrai iezaguzu Telegramen

  Agenda

2017/06/29 09:30

Andoni Ortuzar

   ETB-1. Egun on Euskadi 

2017/06/30 08:30

Itxaso Atutxa

   Bizkaia Irratia 

Twitter

Facebook

YouTube

Flickr