Gure buruKIDEAK

2017/06/11

EBBren burukide den Kepa Aldamari elkarrizketa

Kepa Aldama: “Egingarri jotzen dut Eusko Jaurlaritzak langabezia %10etik jaisteko hartu duen konpromisoa, eta kalitate hobeagoko enplegua sortuz, gainera”

Kepa Aldamak, Euzkadi Buru Batzarrean Ekonomia eta Berrikuntza gaietarako burukide arduradunak, egingarri jotzen du oraingo legealdian Eusko Jaurlaritzak langabezia %10etik jaisteko hartu duen konpromisoa burutzea eta, gainera, kalitate hobeagoko enplegua sortuz. “Enplegua da oraingo Eusko Jaurlaritzaren lehentasun nagusia: enplegu gehiago eta kalitate hobeagokoa. Eta ezagutu izan ditugun azken datuek adierazten digute suspertze ekonomikoa errealitate bihurtzen ari dela Euskadin” esan du.

EAK-PNVren web guneari eskainitako elkarrizketan, Aldamak gogora ekarri du Garoñaren zentralaren itxiera Euzko Alderdi Jeltzalearen aldarri zaharra dela eta, argi eta garbi esan du nuklearra ez dela etorkizuneko energia izango.

rss Ezagutzera eman

Ekonomia eta Berrikuntza arloko burukide arduraduna zara. Azalduko dizkidazu zure eginkizun nagusiak eta etorkizunerako aurreikusten dituzun proiektuak?

EBBk 2016-2020 epealdirako prestatu zuen Jarduera Egitasmoan zera aurreikusten genuen: “Gure sare industrialaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetzea, Euskadiko sektore ekonomiko eta produktibo guztien eraldaketa digitala bultzatzea eta teknologia berrietara lotutako enpresa eredu berrien sorrera bultzatzea”. Gaur egun iraultza digitalean murgilduta gaude eta dena arin batean aldatzen ari da eta enpresak egoera aldakor honetara egokitu beharra dute. Iraultza honek eragina du beren barne prozesuetan, beren negozio ereduan, bezeroekin harremanetan egoteko moldeetan eta bezeroak gero eta zorrotzagoak izango direlako; horrez gain, zerbitzu asko Internet bidez emango dira, lan harremanak eta lan kultura oraingoak baino malguagoak izango dira. Gaur egungo lanpostu asko desagertu egingo dira lana makinek egingo dutelako eta, aldi berean, beste lanpostu berriak agertuko dira, gaur egun ez daudenak. Eta, testuinguru horretan, ezinbestekoa da politika publiko berriak egituratzea gaurko enpresei egoera digital berri horretarako urratsa ematen laguntzeko. Politika horiek, aldi berean, enpresa berrien sorrera bultzatu beharko dute, teknologiak ahalbidetuko dituen negozio berriak baliatzeko. Eta, hori dena, eraldaketa prozesu honen hiru zutabetan eraginez: pertsonak, prozesuak eta teknologia.

Euskadiko ekonomiak aldi bat darama susperraldi finko eta etengabean. Nola ikusten duzu Euskadiko etorkizun ekonomikoa? Egingarri jotzen duzu Eusko Jaurlaritzak 2020 urterako langabezia %10etik jaisteko duen helburua?

Enplegua da oraingo Eusko Jaurlaritzaren lehen helburu nagusia: enplegu gehiago eta kalitate hobeagokoa. Hortik dator legealdi honetan langabezia %10etik jaisteko hartu duen konpromisoa. Orain arte ezagutu ditugun datuek esaten digute suspertze ekonomikoa Euskadin errealitatea dela. Azken aurreikuspenek diote euskal ekonomia 2017an %2,5 haziko dela eta 2018 urtean apur bat geldiaraziko dela, baina %2,2ko hazkundearekin. Enpleguaren ikuspuntutik, 2017 urtean %1,7 haztea espero da, hau da 15.000 lanpostu sortuko dira. 2018 urtera begira %1,4 haztea aurreikusten da, 13.000 enplegurekin. Horrek 2017 urtean kokatzen gaitu %12,1eko langabezia tasarekin eta 2018 urtean %11,7ko tasarekin. Egoera honetan, uste dut egingarria dela Eusko Jaurlaritzak hartu duen konpromisoa 2020 urterako langabezia % 10etik behera jaisteko eta, gainera, kalitate hobeagoko enplegua sortuz.

EAJ-PNVk Araba zure herrialdeko erakunde nagusietan gobernatzen du. Zer balantze egiten duzu Gorka Urtaranek eta Ramiro Gonzalezek egiten duten lanari buruz, udal eta foru legealdien erdian aurkitzen garen aldi honetan?

Argi eta garbi utzi behar den gauza da Gorka Urtaran eta Ramiro Gonzalez gobernuan daudela,bai, baina erakunde bietan daude Euskadiko Alderdi Sozialistarekin. Eta, gainera, gehiengoa osatzeko, hirugarren alderdi bat behar dute Gasteizko Udalean eta Arabako Batzar Nagusietan. Urtaranek alkatetza bereganatu zuen oso egoera zailean, egitasmo partekatu batekin, inolako bazterketarik edo diskriminaziorik gabe eta Marotok bere politikarekin ekarri zuen gatazka girotik aldentzeko helburuarekin. Udalera iritsi zenean bere lehen ezusteko desatsegina izan zen udalean 68 milioi euroko zulo ekonomikoa zegoela. Dena dela, eta zailtasunak zailtasun, bi aurrekontuak onartzea lortu du, hiriak behar dituen aldaketak ekarriko dituzten jarduerak bultzatu ditu, azpiegitura alorrean eta ingurumenean, kulturan eta hirigintzan. AHT lur azpitik helduko da eta hiriaren egitura apur bat aldatuko du. Urtaranen Gobernuak horixe baliatu nahi du hirigunea biziberritzeko, besteak beste tranbia hegoaldea zabaltzea eta BRT autobus elektrikoa abian jartzea.

Arabako Aldunditik, Ramiro Gonzálezek Herrialdea aktibatu du eta azken urteetako paralisitik atera du. Helburu argiak ezarriaz egin du: suspertze ekonomikoa eta enplegu berriak, zerbitzu publikoen kalitatea areagotzea eta herrialde oreka. Egitasmo Estrategikoa egin du foru ardurapeko arlo guztiak hartzen dituena eta arabar gizarteari entzuteko eta parte hartzea eskaintzeko “Agora” egitasmoa jarri du abian. Gainera, oposizioko talde guztiekin hitz egiteko eta adosteko bideratu duen politikak Aldundiaren eguneroko lanean aurrera egiten lagundu dio eta aurrekontuak EH Bildun adostea lortu du.

Egin didazun galderari erantzuteko, uste dut kasu bietan lan bikaina egiten ari direla eta balantzea ezin hobea dela, oro har, eta oso onuragarria Gasteizko eta Arabako herritarrentzat.

Uste al duzu Garoñako zentral nuklearra epe laburrean behin betiko itxiko dela?

Garoñako zentral nuklearra Espainiako zentralik zaharrena da eta aurreikusi zitzaizkion 40 urteak gainditu ditu jada. Zentrala ixtea EAJk aspaldiko partez egin duen aldarria da. Jabeetako batek, Iberdrolak, ixteko interesa erakutsi du, eta arrazoi ekonomikoak eman ditu horretarako. Agi denez, behin betiko itxiko da, baina Garoñaren itxieraren inguruan beste eztabaida handiago batzuk daude, instalazioaren ingurukoak baino, Espainiar Estatuan energia nuklearrak izan dezakeen etorkizunaren ingurukoak izan daitezkeenak. Edozein kasutan, nuklearra ez da etorkizuneko energia, eta eredu energetikoa aldatzeko urratsak eman behar ditugu efizientzia energetikoa, sare adimendunak, energia berriztagarriak, energia metatzeko irtenbideak eta abangoardiako industria bultzatzeko ekimenak sustatuz. Esparru honetan eman diren aurrerapausoek erakusten dute epe ertainean tokian tokiko energia berriztagarriak lortu ahalko ditugula koste lehiakorrekin. Eta hala jasota dago Euskadiko 2030 Estrategia Energetikoan, zeinen bidez hidrokarburuen mendekotasuna murriztu nahi den, gure enpresak estrategiko jotzen diren beste arlo batzuetan teknologikoki garatzearen aldeko apustua eginez.

Testuinguru honetan, zentzuzkoena da Garoñako zentral nuklearra ixtea. Espainiako Gobernuak hartu beharko duen erabakia da eta hobe litzateke lehenbailehen gertatzea.

Forondako aireportua aurten 24 ordutan irekita egotea espero al duzu?

Forondako aireportua oso azpiegitura garrantzitsua da, baina ez bakarrik Arabarentzat, baizik eta baita Euskadi osoarentzat ere. Ezaugarri teknikoek, pista aldetik eta ekipamendu aldetik, eguraldi txarrarekin ere operatzeko aukera ematen diote eta, gainera, hazten jarraitzeko aukera dauka, zamaketa operazioetan zein gaur egungo operadoreen instalazioak handitzeko edo beste zamaketa operadore batzuk bertan ezar daitezen. Foronda erreferentea da zamaketa aireportu gisa eta, duela gutxi, EAJ-PNVk gobernatutako hiru erakunderi esker, hau da, Arabako Aldundiari, Vitoria-Gasteizko udalari eta Eusko Jaurlaritzari esker, bidaiariak garraiatzeko linea erregularrak Forondara iristea bultzatu da, orain arte aireportua erabili izan duten txarter lineak sustatzen jarraitzearekin batera.

Foronda izan daiteke Euskadin itsasoa zeharkatzeko hegaldiak bultzatuko dituen aireportua, merkatu horretan low cost lineak heldu berri direlarik, eta baita munduko geopolitika berriaren eraginez bultzatzen ari diren opor-hegaldiak ere. Horrek aurrerapen handia suposatuko luke Forondarentzat,eta Mugako Ikuskaritza zerbitzua berreskuratzearekin osatu beharko litzateke, hori delarik beste herrialdeetatik datozen salgai galkorrak, elikagaiak eta animaliak kontrolatzeaz arduratzen den zerbitzua.

Forondak 2016 urtea itxi zuen zamaketa errekor historikoarekin, 2015 urtearekin alderatuta, operazioak %12,5 hazi zirelako. 2017ko datuak ere oso baikorrak dira eta aurreko urteko erregistroak gainditu dituzte. Horrek guztiak hurbildu behar gaitu 24 orduko zerbitzua berreskuratzera, baina erabaki hori Sustapen Ministerioak hartu beharko du. Arabako erakundeen aldetik, EAJ-PNVri dagokionez behintzat, ez dugu amore emango eta helburu horren alde egingo dugu 24 orduko operatibotasuna lortu arte.

Trebiñoko Konderriko arazoak bere horretan datza. Antzinako auzi hau epe laburrean konpon daitekeela uste al duzu?

Trebiñoko konderriak gaur egun bizi duen egoera gainditu behar den anakronismoa da. EAJren aldetik bi norabideetan ari gara. Lehena da Konderriko herritarren bizitza kalitatea hobetzea. Erakundeen aldetik urteak daramatzagu helburu horien alde egiten eta duela gutxi hitzarmena izenpetu da Araba eta Burgoseko diputazioen artean, trebiñoarrek ahal denik eta zerbitzu publikorik onenak izan ditzaten. Uste dugu gure lehentasuna horixe dela eta hala egiten ari gara. Eta, bigarrena, esparru politikoago batean dago,hau da, Trebiñoko Konderriko eta Argantzungo Pueblako udalerriek hartuko dituzten erabakiak babestea, aurrera egiteko bide berriak bilatu ahal izateko. Barrendegiak une honetan bizi duen egoera behin betiko konpontzea bilatuko duen ekimenaren alde egongo gara. Trebiño Arabako Herrialde Historikoan integratzea aldezten dugu eta Konderriko biztanleei hitza ematea defendatzen dugu non egon nahi duten erabaki dezaten.

EBBko burukide lanetan urte bete eta erdi eman ondoren, nola baloratzen duzu esperientzia berri hau maila politiko eta pertsonalean?

Maila pertsonalean, EBBko burukide naizen aldetik, Alderdiaren barne esparruan egin dudan ibilbidearen gailurra da hau, Alderdiaren maila guztietatik ibili bainaiz. Amurrioko uri erakundean alderdikidetu nintzen. Eszisio garai hartan idazkaria izan nintzen eta ondoren Arabako Herrialde Batzarrean, Aberri Batzarrean, Araba Buru Batzarrean izan naiz, eta orain Euzkadi Buru Batzarrean. Arlo politiko honetan zorionekoa izan naiz eta ardura hau Eusko Alderdi Jeltzaleak bizi duen une gozo honetan hartu dut. Alderdia indartsu eta kohesionatuta dago. Erakunde nagusiak kudeatzeko ardura gure eskuetan jarri duten hiritarrei ilusioa eta konfiantza adierazteko gai izan gara eta hori dena gertatu da Europa mailan alderdi politiko tradizionalek bizi duten eraldaketa prozesu sakon batean. Uste dut gauzak ondo egiten ari garela. Azken finean, etapa hau erronka handia da niretzat eta ilusio handiz eta erantzukizun handiz ekiten diot dagokidan ardurari.

Profila

Kepa Aldama

Responsable del Área de Economía e Innovación

Kepa Aldama Albisua Bilbon jaio zen 1959ko urtarrilaren 29an, baina Larrinben bizi izan da betidanik (Amurrion). Euzkadi Buru Batzarrean Ekonomia eta Berrikuntza gaiak daramatza. Mariasun lekitxarrarekin ezkonduta dago eta unibertsitatean ikasten ari diren seme bi ditu, Gotzon eta Unai.

Aldama Industria Ingeniaria da lanbidez. Ingeniaritza ikasketak 22 urterekin amaituta, adin horrekin hasi zen lanean Amurrion sortu berria zen Lanbide Heziketa Zentroan. Hiru urtetan Teknologia Mekanikako eskolak eman ondoren, Lanbide Heziketako irakasle plaza atera zuen eta Eusko Jaurlaritzaren Arkaute akademian hasi zen lanean 1984ko abuztuaren 1ean. “Une hartatik aurrera, Segurtasun Sailak egin dituen azpiegitura teknologiko guztietan parte hartu izan dut, garai hartan,dena baitzegoen egiteko. Hainbat gauzen artean, 112 zerbitzuaren lehen esperientzia jarri genuen martxan, alderdi teknologikoari zegokiona, jakina” gogoratu du.

Kepak Amurrioko Uri Erakundearen idazkaritzaz arduratu zen Alderdiaren eszisioa gertatu zen urtean, 1986an. Handik aurrera Arabako Herrialde Batzarrean izan zen lehenago eta geroago Aberri Batzarrean. Ondoren, 16 urtetan, Larrinbeko Batzorde Administratiboko presidentea izan zen (Larrinbeko Kontzejuan). 2011-2015 legealdian Arabako Batzar Nagusietako foru ahaldun izan zen. 2013an Araba Buru Batzarrean sartu zen eta 2016ko otsailetik aurrera Euzkadi Buru Batzarreko burukidea da.

Maria Aspitxueta amama izan zen Kepari abertzaletasunaren garra zainetan sartu ziona: “Amama itsu geratu zen eta posta bidezko botoa izapidetzeko orduan notarioari deitu behar zitzaion. Bere kezkarik handiena zen notarioa ´fascistón´ izan ez zedila, berak esaten zuen moduan `botoa jeltzaleei eman behar zaie beti, irabazi zein ez irabazi. Eta, gaur irabazten ez badute, egunen batean bai irabaziko dutela´. Bera izan zen nire erreferentea: itsututa eta ohetik mugitu ezinik, abertzaletasuna horren indartsu bizitzen zuela ikusita” gogoratu digu. “Horregatik da hain garrantzitsua EAJ-PNVko kide izatea, egitasmo honetan parte hartzea. Hemendik egiten dudan lanarekin herriaren alde egiten dudala sentitzen dut. Euskadirekin hartu dudan konpromisoa oso barruan daramat eta prest nago lan egiteko eta gogor ekiteko” baieztatu du.  

Aldamarentzat asteburu “ideala” da mendira igotzea. “Gehien liberatzen nauen gauza da Garraitz txakurrarekin mendira joatea, bereziki Sierra Salvadara, eta handik hiruzpalau orduko ibilbidea egitea, bakarrik, edo lagunekin, baina bakardadea ere batzuetan ona izan daiteke, aberasgarria. Hiru gune daude niretzat oso garrantzitsuak: Tologorri, Ungino eta Kobata: Txikitan, 8 edo 9 urte nituela, udako aste bat, iraileko lehen astea, Kobatan ematen nuen aitite Danielekin, eta garai hartako gogorapen itzelak ditut, `txaulan´, ardiekin. Irakurzalea da, baina “ia beti” gai teknologikoei buruz irakurtzen du, baina esku artean izan duen azken liburua izan da ‘Gernika: XX. Mendeko ikonoaren historia” Gijs Van Hensbergen-ena. Gustuko ditu Bruce Springsteen eta Mikel Laboa, eta gogorapen onenak utzi dizkion pelikula ‘Afrikako Oroitzapenak´ izenburukoa da. Athletic-en eta Amurrioko Kaskagorriren jarraitzailea da eta kirol arloan erreferentetzat ditu bi arabar: Juanito Oyarzabal alpinista eta Mikel Landa txirrindularia.

Aldamak profilak ditu Facebook-en, Twitter-en , Linkedin-en… baina aitortu digu ez dituela “gehiegi erabiltzen” . Hori bai, eskuko telefonoa “egunean 24 ordutan” erabiltzen du: WhatsApp, Telegram eta Googleren hainbat aplikazio erabiltzen ditu… “Horiek gabe ia ezin gara bizi” esan du erdi brometan.

  • Kepa Aldama: Suspertze ekonomikoa
    2017/06/11

  • Kepa Aldama: Garoña
    2017/06/11

Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA

Andoniren Bideobloga

Elkarrizketak - Gure Burukideak
Aberri Eguna 2017
Alderdi Eguna
Jarrai iezaguzu Telegramen

  Agenda

2017/06/29 09:30

Andoni Ortuzar

   ETB-1. Egun on Euskadi 

2017/06/30 08:30

Itxaso Atutxa

   Bizkaia Irratia 

Twitter

Facebook

YouTube

Flickr