Ortuzarrek lanean jarraitzera deitu ditu euskal herritarrak: "Gure etorkizuna konkistatu behar dugu gure arbaso ‘amerikanuak‘ egin zuten moduan"

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Jaialdiaren hasiera ekitaldian parte hartu zuen atzo Boisen, mundu osoko milaka euskaldun biltzen dituen jaian. Euskal artzainek Idahon erabiltzen zituzten gurdien erakusketan, Ortuzarrek adierazi zuen “gure arbasoek bere garaian bizi izan zuten egoera latza egiaztatu ahal izan dut eta euren meritua eta sendotasuna goretsi nahi dut”.

Gurdien erakustaldia 02Abuztua 02 |
EBB

PARTEKATU

Euzkadi Buru Batzarren presidentea, Andoni Ortuzar, egun hauetan Idahoko estatuaren hiriburuan ospatzen ari den Jaialdiko hasiera ekitaldian izan zen atzo eta horrekin amaitutzat eman zuen Boiseko bisita. “Expo Idaho” azoka gunean milaka euskaldun bildu ziren musikaz, dantzaz, gastronomiaz eta herri kirolaz gozatzeko. Ortuzar dantzarien eta musika emanaldietan izan zen, baita ‘carro-campos’ erakusketan ere;  bertan , “gure arbasoek bere garaian bizi izan zuten egoera latza egiaztatu ahal izan dut eta euren meritua eta sendotasuna goretsi nahi dut. ‘Carro-campos’ izenekoak euskal artzainek erabiltzen zituzten gurdiak dira: hiru metrokoak, berogailu txiki, xixilu eta ohe txiki batekin. Hilabeteak ematen zituzten bertan, bakar-bakarrik, txakurrak eta ardiak lagun. Egoera latza, bakartasunaren zailtasuna. Lurralde hauetan Europako iparraldekoak, eskoziarrak eta irlandarrak egon ziren euskaldunak baino lehen, baina ez zuten iraun. Gureak, aldiz, bai. Atzo, Boisen 17 urtez egondako euskaldun batekin hitz egiteko aukera izan nuen, orain bere jaioterrira itzulitakoa, Baztanera hain zuzen. Euskera petoan hauxe esan zidan: beharra da gakoa. Testigantza zoragarria erosotasuna nagusitzen den garaian”, azaldu zuen EBBko presidenteak.

Ortuzarrekin izan ziren Iñigo Urkullu lehendakari, Iñaki Goikoetxeta EBBko kanpo harremanetarako arduraduna, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Rafa Anchia Alderdi Demokratikoaren kongresista Texas estatuan.

Jeltzaleen buruak euskal hiritargoa osoa deitu du Idahora joandako euskaldunen adibidea jarraitzera. “Euskadin ere beharra dugu”, adierazi du; “krisialditik irteteko beharra, lana sortzeko, bakea eta bizikidetasuna finkatzeko, gure etorkizuna erabakitzeko beharra eta Europan gure nazioa aitortzeko beharra; beraz, har ditzagun guztiok gure gurdiak eta gure etorkizuna konkistatzera joan gaitezen, duela hamarkadak gure arbaso ‘amerikanuak’ egin zuten moduan”.

Interesatu Zaitez