Ortuzarrek "boto baliagarriaren" iruzurraren aurrean ohartarazi du, PSOEk jende aurrean aitortu duelako EAJ-PNV dela Euskadiko aukerarik onena

EBBko presidenteak, Urkullu Lehendakariak, Aitor Estebanek, Idoia Sagastizabalek eta Amaia del Campo alkate andreak Barakaldon gogoratu dute apirilaren 28an euskal herritarrok ez dugula Gobernuko presidentea aukeratuko baizik eta hurrengo lau urtetan, Madrilen, Euskadi nork" defendatuko duen”

Ortuzarrek 24Apirila 24 |
Bizkaia
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmend handian.

“PSOEren aldeko `boto baliagarri´ deitu dutenaren aurrean, EAJren `boto erabakigarria´, erabakigarria izan delako  aurreko legealdian, eta baliagarri izaten jarraituko du euskal herritarrok argi badaukagu apirilaren 28an zer bozkatuko dugun. Egun horretan, Euskadin, ez dugu Gobernuko presidente bat aukeratuko, Madrilen hurrengo urteotan defendatuko gaituzten emakume eta gizonak baizik”. Hori izan da Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek Barakaldoko Anaien Parkean 1.000 alderdikide eta alderdizale jeltzale batu dituen ekitaldian zabaldu duen mezua. Mitin berean hitz egin dute Iñigo Urkullu Lehendakariak, Kongresurako Bizkaiko  zerrendako lehen eta bigarren Aitor Estebanek eta Idoia Sagastizabalek; eta Barakaldoko alkate eta berrautaketarako alkategai Amaia del Campok.

Lau hautagairen artean eginiko bigarren eztabaidak utzitako emaitza eskasa deitoratu ondoren (“Euskadiri buruzko erreferentzia egoki bakar bat ere ez, herri honi , gure arazoei eta gure kezkei buruzko aipamen bakar bat ere ez,”), Ortuzarrek argitu nahi izan du PSOEk egunotan aldarrikatu duen “boto baliagarria”. “Sozialistek kanpaina osoa daramate beraiek nahi duten Espainiaz hitz egiten, eta Euskadiz gogoratzen dira larri dabiltzanean eta EAJren babesa behar dutenean Madrilgo gobernua sostengatzeko”, azaldu du. “Pedro Sánchezek Donostian aitortu zuen  ulertzen zuela udal eta foru hauteskundeetan beste aukera batzuren alde bozkatzea. Aitortzen zuen, hitz horrekin esan ez arren, EAJ zela aukerarik onena. Baina, jarraian, gure alde bozkatzen dutenei eskatu zien botoa aldatzea Espainian Gobernu progresista bermatzeko”. Gauzak horrela dira “sozialistek uste dutelako hauteskunde orokorrek Euskadirekin zerikusirik ez dutela, eta bai Espainiarekin”. Baina ez da horrela “Hauteskundeak ez doaz Espainiaz edo Madrilez. Ez da presidente bat edo Gobernu bat aukeratzen. Han defendatuko gaituzten emakume eta gizonak aukeratuko ditugu. Eta  Madrilen, euskal gaiak jorratzen dira EAJ indartsua bada. Beraz, egin dezagun EAJ indartsu bat Euskadiren interesak indartzeko, gu guztion interesak, Madrilen errespetatuak izan gaitezen”, proposatu du.

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Madrilgo Euskal Taldea izango dela euskal industria, ekonomia produktiboa, jarduera sektore berriak, eta Ezkerraldean eta Euskadin kalitatezko enplegu aukerak defendatzeko bermea. “Bermea- azpimarratu du- berdintasunaren alde, Ongizate gizartearen alde, Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte Babeseko kalitatezko zerbitzu publikoen alde, pentsion publiko bidezko eta duinen alde. Estatu eredu bat defendatzeko Bermea, gure nazio errealitatea, Ekonomia Ituna eta Autogobernu berezia aitortuko  dituena”. Lehendakariaren hitzetan, EAJ izango da Madrilen Euskal Agenda defendatuko duen alderdi bakarra. Madrilen defendatuko ditu euskal hiritarren interesak ekimenen bidez eta ez hitzekin soilik. Ekonomia Ituna defendatuko du, euskal industriarentzako argindar tarifa, Abiadura Handiko Trena, inbertsioak edo Estatutuaren betepen osoa. “Euzko Alderdi Jeltzalea da Autogobernu zabalagoaren sinonimoa, ongizate eta bizitza kalitate maila handiagoaren sinonimoa”, amaitu du.

Aitor Estebanek aldarrikatu du EAJ-PNVk aurreko legealdian izan duen “protagonismoa”  . “EAJ izan da politika lehen lerrotik egin  duena, akordio garrantzitsuak lortuz eta politikak eta gobernuak baldintzatuz. Erakutsi egin dugu Madrilen  Euskadiren aldeko gauzak egin ahal direla”, amaitu du, eta gaineratu duenez “EAJren aldeko botoa da euskal hiritarrentzako boto baliagarriena”. Era berean gogoratu du Euskal Taldea izan zela “Rajoyri derrigortu ziona pentsioak KPIaren arabera igotzea”, eta Ezkerralderako lortu diren egitasmo batzuk aipatu ditu, besteak beste Hegoaldeko Tren Saihesbidea, Galindoko Araztegia edo Urbinagako aldageltokia. “Inork uste al du PP edo PSOE gai horiek guztiak ateratzeaz arduratu direla? Jakina ezetz!”, baieztatu du. “Urteak eta urteak izan dituzte Gobernutik egiteko eta ez dute ezer egin. EAJk etorri behar izan du eskualde honetako arazoak konpontzeko akordioak adosteko”, amaitu du. Horregatik , euskal hiritargo osoari eskatu dio botoa ematea “Madrilen Euskadiren ahots propioa egon dadin, estatuko exekutiben mende egongo ez dena eta Euskadi  Parlamentuko eztabaidetan hizpide izan dadin”.

Idoia Sagastizabalek, Kongresurako Bizkaiko  bigarrenak kritikatu du Estatuko alderdi handiek “zalaparta “ handiko baina “emaitza urriko” kanpaina egin dutela, “pertsonen kezketatik urrunduta”, eta gaineratu duenez “`ezetzaren´ politikaren aurrean, demagogiaren eta errespetu faltaren eta iskanbilen aurrean eta Euskadi jaurtikitzeko armatzat erabilia delarik”, EAJ eredua “eraikitzailea eta proposatzailea” dela “errespetuzkoa da, elkarrizketan, negoziaketan eta akordioan oinarrituta dago eta bere ardatz nagusiak dira pertsonak eta Euskadiko hiritargoa”.

Amaia del Campo alkate eta EAJ-PNVren alkategaiak nabarmendu duenez “herri txiki bat gara; eta, Daviden antzera, beldurrik gabe aurre egiten diogu beste alderdi guztiek osatzen duten Goliath erraldoiari; eskuinetik zein ezkerra deritzoten alderditik ezerezean utzi nahi gaituzte traba egiten diegulako eta Euskadi eta euskal herritarrak beren lehentasunen artean ez gaudelako. Baina EAJ-PNVk azken legealdian lortutakoak hor daude. Hori da benetan ikusi nahi ez dutena. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da euskal taldea eratzea. Horregatik da hain garrantzitsua datorren igandean euskaldunok EAJ bozkatzea, gure interesak eta gure herriaren interesak benetan defendatzen dituen alderdi bakarra delako”.

Interesatu Zaitez