Lehendakariak Daimler/Mercedes-Benz taldearen arduradun gorenekin bildu da Stuttgarren, Alemanian

Iñigo Urkullu lehendakaria automozioko Daimler Taldeko arduradun nagusiekin bildu da gaur Stuttgarten (Alemanian). Talde hori Gasteizko Mercedes-Benz plantaren jabea da.

Lehendakariak Daimler/Mercedes-Benz taldearen arduradun gorenekin bildu da Stuttgarren, Alemanian 05Urria 05 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Daimler multinazionalak berretsi duenez, Gasteizko fabrikaren etorkizunaren aldeko apustua egiten jarraituko du. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin batera I+G+b-ri, lanbide-heziketa dualari eta euskal enpresa hornitzaileek beren ekoizpen-prozesuetan parte hartzeari lotutako lankidetza-bideak aztertzea adostu du. Lehendakariak jardunaldiaren balorazioa egin du, eta, bere hitzetan: «Industriaren eta automozioaren sektorean, Alemania eta Euskadi batera haziko gara.»

Urkullu lehendakariak hainbat bilera egin ditu Mercedes-Benz Vans saileko arduradun nagusi eta Administrazio Kontseiluko kide Wilfried Porthekin, presidenteorde exekutibo eta furgoneten arloko zuzendari Volker Mornhinwegekin eta Gasteizko plantako zuzendari Emilio Titosekin. Lehendakariarekin batera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Nazioartekotzeko zuzendari Ainhoa Ondarzabal joan dira.

I+G+b Euskadin

Daimler Taldeak eta Eusko Jaurlaritzak automozioaren multinazionalaren teknologia-garapenaren parte bat Euskadin egiteko aukera aztertuko dute. Lehendakariak Mercedes Benzen arduradunei jakinarazi die Euskadi gai dela enpresarekin lankidetzan aritzeko eta horri balio erantsia emateko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteen bitartez. Sare horrek, bada, automozioko hainbat teknologia lankidetzan ikertzeko berariazko zentro bat du; hots, Automotive Intelligence Center (AIC).

Euskal hornitzaileak

Aztertu beharreko beste gai bat euskal enpresa hornitzaileak Mercedes Benzen produktu- eta zerbitzu-garapenenean parte hartzea da. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritza prest dago industria laguntzaileko enpresak eta hornitzaileak hobetzearen arloan sakontzeko, horiek enpresak eskatutakoa bete dezaten.

LH duala

Bestalde, bi aldeek positiboki baloratu dituzte prestakuntza-eredu dualaren emaitzak.  Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Mercedes Benz fabrikak lankidetza-hitzarmen bat dute, ikasleen profil profesionalak enpresaren behar teknikoetara egokitzeko. Bi aldeek programa horrekiko konpromisoa berretsi dute; izan ere, industria oso automatizatuan ekoizpen-bitartekoak kudeatzeko espezializazioko ziurtapena lortzea dakar.

Bisita estrategikoa

Urkullu lehendakariak nabarmendu du Alemania «gertuko herrialdea» dela Euskadirentzat, 85 euskal enpresa han ezarrita baitaude. Euskal esportazioen % 14 hara egiten dira, eta inportazioen % 12 handik egiten dira. Gainera, lehendakariak gogorarazi du automozioaren sektorea estrategikoa dela Euskadin, 36.000 pertsonek baitihardute horretan. Mercedes Benzek bakarrik Euskadiren BPGren % 2,9 hartzen du, eta 3.500 laguni ematen die enplegu zuzena.

Lehendakariak baieztatu duenez, Daimler konpainia eredugarria da euskal ekonomia-politikaren oinarrizko ereduetan: bai berrikuntzan eta kontzertazio publiko-pribatuan, bai merkatu globaleko prestakuntza eta kudeaketan, eta enpresen nazioartekotzean. «Industriaren eta automozioaren sektorean, Alemania eta Euskadi batera haziko gara», adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Iturria.- Irekia

Interesatu Zaitez