4.0 industriari lotutako nazioarteko zibersegurtasun zentroaren sorrera gauzatuko du Gipuzkoak

Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak gogorarazi duenez, lurraldeak legealdi hasieratik dihardu lanean industriari zerbitzua emateko bokazio argia edukiko duen proiektuan

4.0 industriari lotutako nazioarteko zibersegurtasun zentroaren sorrera gauzatuko du Gipuzkoak  15Ekaina 15 |
Gipuzkoa

PARTEKATU

Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi hasieratik dihardu, industria bokazio nabarmena edukiko duen zibersegurtasuneko nazioarteko zentro baten oinarriak jartzen. Proiektuak lotura berezia edukiko du 4.0 industriarekin eta babesa, zerbitzua eta balio erantsia emango dizkio arlo horretako enpresa txiki eta ertainei. Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko  eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk berretsi egin du gaurkon Gipuzkoak esparru horretan egingo duen “apustu estrategikoa”, nabarmenduz proiektua “oso aurreratuta” dagoela eta aurtengo udazkenean gorpuztuko dela.

Aizpuruk bilera egin du ekonomia sustapeneko lan taldea eta zibersegurtasuneko hainbat eragilerekin eta, bileran azaldutakoaren arabera, Aldundia mamitzen ari den Zibersegurtasun Zentro Aurreratuak “nazioarteko izaera” edukiko du. Datozen asteetan, nazioarteko hainbat eragilerekin kontrastatuko du proiektua foru erakundeak. Izan ere, zentroak “nazioarteko partner edo bazkide bat” edukitzea aurreikusten da, azpiegitura berria zibersegurtasuneko mundu mailako sareekin konektatuko duena.

“Hainbat arrazoirengatik, lehentasun osoa da guretzat ezagutza sortuko duen eta gure enpresak sentsibilizatu eta babestuko dituen zentroa abian jartzea, zibersegurtasunaren desafioari aurre egite aldera. Apustu hori bat dator gure ekonomia ehunaren ezaugarriekin; digitalizazioaren alde egiten ari delako oso modu nabarmenean; enpresa txiki eta ertainek osatzen dutelako ehun hori nagusiki; eta zibersegurtasunaren esparruan erreferente diren enpresak dauzkagulako”, esplikatu du Diputatuak.

Hori dela eta, Gipuzkoan egoitza edukiko duen Zibersegurtasun Zentro Aurreratu berriak zerbitzu aurreratuak eskainiko ditu, eta baita esparru horretako berrikuntzari, ekintzailetasunari, sentsibiliazioari, eta talentuaren formakuntzari dedikatutako espazioak ere

Izaera “osagarria”

Aizpuruk ahotan hartu du baita ere Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa sortzeko gaur Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman duen proiektua eta bereziki oinarrizko azpiegiturei zerbitzua emateko sortuko dena. Foru Aldundiak garatutako diseinuak, Aizpuruk adierazi duenez, izaera “osagarria” izango du, Gipuzkoan landutako proiektua industriari zerbitzua eskaini eta garatzen soilik oinarritzen delako.

Sustapen Ekonomikoko diputatuak gogorarazi duenez, gakoa ez da bakarrik zibersegurtasunari lotutako zerbitzuen hornidura. “Zibersegurtasuna lehiakortasun faktore erabakigarria da enpresentzat. Izan ere, etorkizunean, bezeroei eskainiko zaizkien produktuek eta kudeaketa sistemek zibersegurtasuneko label hori beharko dute, plus edo balio gehigarri gisa”, argudiatu du. Hori horrela, gipuzkoar azpiegiturak lan ildo bat edukiko du esparru horretan zertifikazioak lantzeko.  

Era berean, Aizpuruk aurreratu du zentroak berrikuntza eta ikerketa sustatuko dituela zibersegurtasunaren arloan, “laborategi esperimental” baten bitartez. Laborategiari esker, sektoreko enpresek, edo interesa duten beste eragileek, “beraien produktuak eta prototipoak probatu eta kontrastatu ahal izango dituzte”. “Kontua ez da enpresa pribatuekin lehiatzea, baizik eta enpresa horiek egiten duten ekarpena osatzea, elkarlanerako esparruak sortzea, eta lurraldean zibersegurtasunaren sektorea indartzeko ekintza esparrua zabaldu eta sakontzea”, argitu du. 

Azkenik, Aizpuruk gogorarazi du zibersegurtasunak mahai gainean jartzen duen “desafio handienetako bat” dela gure industria elikatuko duen “talentua sortzea eta erakartzea, eraldaketa prozesu sakon batean murgilduta gaudelako” 4.0 industriaren eta digitalizazioaren agerpena tarteko. Hori dela-eta, zentroaren beste helburu bat izango da perfil profesional berriak formatu eta sortzea. Halaber, enpresei sentsibilizazioa eta formakuntza eskainiko zaizkie, zibersegurtasun zerbitzuak bultzatzeko eta edukitzeko premiaren inguruan.

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Interesatu Zaitez