EAJ ez da guztiz pozik geratu saregile, enpakatzaile eta neskatilei egin zaien onarpen ofizialarekin

Itsas eta arrantza sektoreko emakume langileen Babes Soziala Arautzeko Lege Proiektuan abstentzioa eman du Senatuko Euzko Abertzaleak Taldeak, bertan eskaintzen diren onurak jaso ahal izateko talde honetako kideek arlo honetatik eratorritako diru-sarrerak euren ogibide nagusia izateko derrigortasuna izan dadila exijitzeko aukera zabalik uzten duelako.

EAJ ez da guztiz pozik geratu saregile, enpakatzaile eta neskatilei egin zaien onarpen ofizialarekin 30Iraila 30 |
Senatua

PARTEKATU

Itsasoaren Institutu Sozialak agiri ofizial baten bitartez jakinarazi zuen saregile, enpakatzaile eta saregileen jarduera haien ogibide nagusia izateko derrigortasuna ezabatu zuela Lege Proiektutik, Itsasoko Langileen Erregimen Bereziko onurak jaso ahal izateko eskubidea haien eskura izanik. Halere, Itsas eta arrantza sektoreko emakume langileen Babes Soziala Arautzeko Lege Proiektua betebehar hori jasotzen duela onartu zen atzo Senatuan. Hori dela eta, Euzko Abertzaleak Taldea abstentzioa eman zion testuari, “asko aurreratu den arren, ez delako nahikoa emakume talde hauek sistematik kanpo geratzeko arriskua urrutiratzeko”, gaitzetsi du Jose Maria Cazalisek.

Senatari bizkaitarrak azaldu duenez, “ezin dugu artikulu hau onartu, Gobernuari aukera ematen diolako lanbide arteko gutxieneko soldata edo beste kopuru bat gutxieneko diru sarrera moduan kontuan hartzeko erregimen horretara sarbidea izateko eskubidea izan dezaten; honek aldatu diren beste hiru puntuak balio gabe utziko lituzke, ez lukete ezertarako balioko eta sektoreko emakumeak kanpoan geratuko lirateke euren lanaren baldintzek ez dietelako beste aukerarik ematen”, aztertu du. Aipatutako puntu horiek, Euzko Abertzaleak Taldeari onartutako hiru emendakin, atzotik aurrera saregile, enpakatzaile eta saregileen taldea Itsasoko Langileen Erregimen Bereziko 3. taldean norbere kontuko langile moduan agertzea, eta hauek erretiro adina aurreratzeko koefizienteen onurak izateko prozedura zabaltzea ahalbidetzen dutenak dira.

“Ez du zentzurik hobekuntza hauek onartu eta sektorearen gainean Damoklesen ezpata uztea. Gure eskaera Itsasoaren Institutu Sozialak bere agirian onartzen zuena aplikatzea baino ez da izan”, kexatu da Cazalis. Hilabete bat ere ez da bete Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduta Ministerioko ardurapean dagoen Institutuko Administrazio eta Administrazio Publikoen Dibisioko Zuzendariak saregileen taldeari, haiek aurkeztutako alegazioei erantzuna emanez, arlo honetatik eratorritako diru-sarrerak euren ogibide nagusia izateko derrigortasuna aurreproiektutik kenduta zegoela esan ziela. “Halere, mantendu egin da: Kongresuan eta Senatuan. Eta ez dakigu zergatik; Gobernuak aplikatzeko asmoa duela pentsatu beharra daukagu”, susmatzen du senatariak.

Bozeramaile jeltzaleak berriz ere gogoratu du arau hau zorrotz hartuta emakume guztiak Erregimen Berezitik kanpo geratuko liratekeela eta, ondorioz, ez zuela zentzurik izango legea beteaz lan egin eta zergak ordaintzen jarraitzea. “Ontziek itsasoratzen jarraitzeko beharra izango dute eta emakume hauek egiten duten lana ezin du beste inork egin; beraz, legez kanpo lan egitera behartuta egongo lirateke”, ohartarazi du.

Senatariak azpimarratu du, baita ere, zein logika gutxi duen gizarte eskubideak soldataren bitartez sortzeak eta ez lanaren bitartez; eskubide batzuk, gogoratu du, inorentzako lan egiten dutenei onartzen zaizkienak diru-sarrerak euren ogibide nagusia izateko nahikoa ez direnetan, eta ez norbere konturako langileei egoera berean. “Hori diskriminatzailea da”. Cazalisek Estatuko Gobernuak 2010ean Eusko Jaurlaritzari transferitutako lanbide heziketako gai batzuk berreskuratzeko testu honekin egiten duen saiakera ere gaitzetsi du.

Interesatu Zaitez