“Negoziaketen paradigma aldatu beharra dago: botoak eskumenen truke eskuratzeko fasea amaituta dago", ohartarazi du Aitor Estebanek

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Diputatuen Kongresuko bozeramaile jeltzaleak baieztatu duenez EAJ-PNVren bost botoak "kasu batzuetan garrantzitsuak izan daitezke”.

“Negoziaketen paradigma aldatu beharra dago: botoak eskumenen truke eskuratzeko fasea amaituta dago 25Urria 25 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko EAJ-PNV legebiltzar taldearen bozeramaileak ohartarazi duenez "botoak eskumenen truke lortzeko fasea amaituta dago" eta, baieztatu duenez "negoziaketen paradigmak ezinbestean aldatu behar du. Behar duguna da jarrera aldatzea eta Legea betetzea" esan du argi bezain sendo.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Kongresuko jeltzaleen bozeramaileak ezarri duenez "legealdi honetan gehiengo absolutua izan den legealdietan baino joko aukera handiagoak egongo dira," baina gaineratu duenez "PPk une honetan erabil ditzakeen hitz adeitsuek egintza bihurtu behar dute. Bestelako jarrera behar da, komunikatzeko beste era bat; ikusiko dugu gobernu berriaren lehen mugimenduak zein diren eta zer izendapen egiten dituen, horrek gako batzuk eskain baitiezazkiguke" baieztatu du. Testuinguru horretan, Estebanek zera aitortu du "EAJ-PNVren bost diputatuek egiteko garrantzitsua izan dezakete une zehatz batzuetan" eta baieztatu duenez "partida jokatuko dugu, Kongresuan ez gaude eserlekuan geldi geratzeko, konpontzeko auzi asko daude zuzenean euskal gizarteari eragiten diotenak eta Madrilen guk soilik mahaigaineratuko ditugunak" baina berriz ere esan duenez "aldaketa eman beharra dago autogobernuaren paradigman eta gauzak egiteko moduan, politika ezin baita judizializatu".

Kongresuan datorren astetik aurrera Mariano Rajoy PSOEren abstentzioarekin eta EAJ-PNVren kontrako botoekin Espainiako Gobernuko Presidente bihurtzearekin batera irekiko den egoeraz galdetuta, Aitor Estebanek iragarri du hasierako hilabeteak "nahasiak" izan daitezkeela "gatazkatsuak, su gurutzatuarekin eta pentsa ezin diren bozketekin", iragan astean egin zena kasu, PPk bere botoak Podemosekin eta EH Bildurekin batu zituenean EAJ-PNVk Euskal Y trenbideari buruz aurkeztu zuen ekimenaren kontra egiteko; "geroago lerrokatuko dira gauzak", esan du.

Amaitzeko, PSOEk bere Komite Federalaren baitan aste honetan bertan ospatuko den inbestidura bilkuran abstentzioa bozkatzeko hartu duen erabakiaz galdetuta, Aitor Estebanek bere errespetua adierazi nahi izan du eta zera gaineratu du "ez dugu alderdien barne bizitzan sartzeko inolako asmorik, ezta PSOEren bizitzan ere".

Interesatu Zaitez