Alderdi Popularra eta Ciudadanos elkarri hurbilduta “guk are irmoago esaten diogu ezetz Rajoyri”, adierazi du Aitor Estebanek

Kongresuko Euskal Taldearen bozeramailearen ustez, mugimendu horrek “ez du pentsarazten jokabidea aldatuko dutenik, PPri eskatzen diogun bezala, guztiz kontrakoa baino”, Ciudadanosek argi eta garbi “euskal autogobernuaren aurkako” ikusmoldea duelako

Alderdi Popularra eta Ciudadanos elkarri hurbilduta “guk are irmoago esaten diogu ezetz Rajoyri”, adierazi du Aitor Estebanek 11Abuztua 11 |
Berria
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Diputatuen Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak, Aitor Estebanek, gaur berretsi egin du, lehendik ere “Alderdi Popularrarekiko akordioa ezinezkoa” bazen, are zailago bihurtu dela, Mariano Rajoy buru duen alderdiaren eta Ciudadanosen arteko hurbilketaren ondorioz. “PPri eskatzen diogu goitik behera aldatu dezala bere jarrera, euskal autogobernuaren ikusmoldeari eta euskal erakundeekiko elkarrizketari dagokienez, baina bera Ciudadanosekin hizketan ari da, eta alderdi hori euskal autogobernuaren aurkako gaiak ari da planteatzen”.

Antena 3ko ‘Espejo público’ saioan, Kongresuko EAJren bozeramaileak esan du jeltzaleek ezezko “biribila” ematen diotela Rajoyri, “horretarako arrazoi oso sendoak daudelako”. “EAJk ahaleginak eta bi egin ditu azken legegintzaldian euskal autogobernua defendatzen, behin eta berriz, gure eskumenetan muturra sartzen zuten legeen aurka. Ekainaren 26ko hauteskundeen ostean ere Espainiako Gobernuak jarraitu du errekurtsoak jartzen guk funtsezkotzat jotzen ditugun legeen aurka, esate baterako Eusko Legebiltzarraren Udal Legearen aurka. Gu ez gara sentitzen PPren politiketatik hurbil, eta Ciudadanosekin bat egite horrek ez du iragartzen jokabidea aldatuko dutenik, guk eskatzen dugun bezala, guztiz kontrakoa baino”.

Madrileko inguru politikoetan EAJri so daudela ohartarazi dio kazetariak Aitor Estebani. “Ez dakit ba. Guri begira badaude, PSOEk guri begira egotea nahi duelako da. Gezurra ematen du, ustez Estatuaren oinarri den alderdi bat [PSOEri buruz ari da], abertzale handi horiek, herri hau eraiki omen dutenak, alboz jartzen dira, eta tarteka separatista arriskutsutzat kalifikatzen gaituzten horiek Gobernua izatearen edo ez izatearen ardura guri egotzi nahian ari dira. Ez du zentzu handirik”, kritikatu du bozeramaile jeltzaleak. Estebanek gogorarazi duenez, “EAJk PSOErekin batera koalizioan gobernatzen du EAEko aldundietan eta autonomia erkidegoko hiru hiriburuetan. Beti PSOErekin egin izan ditugu akordioak. Gainera, Podemosek gure gizarte-politika dauka Estatu osoan jarraitu beharreko eredutzat. Beraz, ez dakit zertan eduki dezakegun PPren politiken antzik”. Aldiz, bozeramaile jeltzaleak azpimarratu duenez, “badago PSOEren eta Ciudadanosen arteko adostasunik: 60 orrialdeko eta 200 puntuko dokumentu bat. Ciudadanosek PSOErekin hainbesteko kidetasuna badu, ikus dezala PSOEk zer egin behar duen”.

Interesatu Zaitez