Aitor Estebanek ohartarazpen argia egin dio Gobernuari: “Osoko zuzenketa ez dago baztertuta, ezin da gauza lortutzat jo EAJk Aurrekontuak babestea”

Hedabideei eginiko adierazpenetan, jeltzaleen bozeramaileak esan du 2019ko Aurrekontu Orokorretan jaso behar direla PPren Gobernuarekin adostu ziren eta Pedro Sánchezek bere egin zituen akordioen betepena

Aitor Estebanek ohartarazpen argia egin dio Gobernuari: “Osoko zuzenketa ez dago baztertuta, ezin da gauza lortutzat jo EAJk Aurrekontuak babestea” 14Urtarrila 14 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Aitor Estebanek, EAJren Legebiltzar Taldeko bozeramaileak gaur esan du EAJ-PNVk ez duela oraindik erabaki Estatuko Aurrekontu Orokorren izapidean bost diputatu jeltzaleek emango duten erantzunari, eta Gobernuari zera ohartarazi dio: “Argi izan behar duzue EAJren babesa ezin duzuela gauza lortutzat jo”.

Bozeramaileen Batzordera sartu orduko hedabideei eginiko adierazpenetan, Jeltzaleen bozeramaileak azpimarratu du oraindik ez dela baztertu osoko zuzenketa aurkeztea hau da “berdin gerta daiteke Euzko Abertzaleak taldeak 2019ko Aurrekontu Orokorrak babestea edo ez”.

“Beti bezala, hitz egiteko, eztabaidatzeko eta akordio batetara iristeko borondatea daukagu eta zentzudunak izango gara, baina Gobernuak funtsean eta moldeetan erantzutea nahi dugu”, esan du. Era berean nabarmendu duenez Aurrekontuen Proiektuan jasota beharko lukeen lehen gauza dira “Gobernu honek hitzeman zituen akordioak, guk aurreko Gobernuarekin hitzartu genituenak. Beraz, 2018ko Aurrekontu Orokorretan bete gabe dauden gaiak, urte askotarako partidak aurreikusten zituztenak, aurrekontu horietan jaso behar dira. Eta gero akordio batetara iritsi beharko genuke”, azaldu du.

Aipatu dituen “moldeei” dagokionez, Aitor Estebanek gogora ekarri du Ábalos Ministroak iragan astean Bilbon, Zorrotzan, trenbide pasabide garrantzitsuak kentzeko proiektuen inguruan egin duen iragarpena. “Ministroak akordio bat iragarri zuen PSEk udal hauteskundeetarako hautagaitzak aurkezteko ekitaldian, eta Bilboko Udalak eta EAJk ez dakite horri buruzko ezer, eskatu dugun Hitzarmena izenpetzeko data ere ez da ezarri eta ez dakigu Aurrekontu Orokorretan proiektu horiek egiteko partidarik ote dagoen. Hori ez da gauza egiteko erarik onena. Gurekin ezer adosten denean edukia zaindu behar da eta moldeak ere bai”, amaitu du.

Interesatu Zaitez